Arragueta kaleko berrurbanizazio-lanak hasteko zain da Udala
Arragueta kalea berrurbanizatzeko obrei lehenbailehen ekin nahi die Eibarko Udalak. Prentsa ohar bidez azaldu duenez, dena prest dago hirirako “estrategikoa” den esku-hartze horri hasiera emateko, Arragueta kaleko 16. zenbakiko eraikina eraistea lehen urratsa izango delarik. Eraikin hori Udalaren jabetzakoa da, eta eraisketak espazioa irabaztea ahalbidetuko du. Lanak, halaber, Iberdrolako kableak kendu bezain laster hasiko dira.
Oharraren arabera, obrak adjudikatuta daude, eta 2025eko azken hiruhilekoan hastea aurreikusten da. Proiektuak 1.250.000 euroko aurrekontua du, eta Errebal eta Urkizu arteko konexio-ardatza erabat eraldatuko duela nabarmendu du Udalak. Berrurbanizazioak oinezkoei lehentasuna emango dien hiri-eredu baten aldeko apustua egingo du, espaloiak nabarmen handituz eta argiztapena zein irisgarritasuna hobetuz.
Esku-hartzea Arikitza eta Urkizu arteko tartean egingo da, eta Errebal kaleko estetika urbanoari jarraituko dio. Bi aldeetako espaloiak gutxienez bi metrora zabalduko dira, zorua berritu egingo da, espaloia eta galtzada plataforma bakarrean jarriko dira, eta argiztapen-sistema ere hobetu egingo da.