Arragueta kaleko berrurbanizaziorako 1.033.000 euroko partida izango dute 2025eko aurrekontuek

Egitasmoaren alderdi nagusi bat Arragueta eta Bidebarrieta arteko komunikazioaren hobekuntza da. Hala ere, ezingo da jabetza pribatuko orubea erabili, jabeek baztertu egin baitute Udalak egindako proposamena.
Arragueta kaleko berrurbanizaziorako 1.033.000 euroko partida izango dute 2025eko aurrekontuek
2025/01/08 15:46
eta kitto!
Eibarko Udalak baieztatu duenez, 2025erako udal-aurrekontuetan Arragueta kalea berrurbanizatzeko beharrezkoa den diru-partida sartuko da; hain zuzen, Arikitza eta Urkizu arteko zatia eraldatuko duen obra estrategikoa. "Proiektuak hobetu egingo ditu gune horren irisgarritasuna, segurtasuna eta estetika, eta onurak ekarriko dizkie bai oinezkoei bai hiri-inguruneari", azaldu dute Udaletik.
 
Jon Iraola alkateak aurkeztutako planak hainbat jarduketa biltzen ditu, hala nola espaloiak zabaltzea (bi eta hiru metro arteko zabalera izango dute tarte desberdinetan) eta galtzada berritzea (asfalto inprimatuzkoa izango da, galtzada-harriaren imitazioan). Galtzada eta espaloiak maila berean egongo dira, hain zuzen, diseinu hori mugikortasuna errazteko eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko dago pentsatuta. Era berean, argiztapen publikoa modernizatuko da ikuspen handiagoa bermatzeko, eta hiri-altzariak jarriko dira, gune erosoagoa eta erakargarriagoa sortuz bizilagunentzat.
 
Egitasmoaren alderdi nagusi bat Arragueta eta Bidebarrieta arteko komunikazioaren hobekuntza da; izan ere, Arragueta 15, 17 eta 16 zenbakiko eraikinen eraispenarekin lortuko da lotura hori. Une honetan botatzeko geratzen den zenbaki bakarra 16. zenbakiko eraikina da, eta Udala amaitzen ari da haren eskurapena. Eraispen horrek aukera emango du bi kaleak konektatzeko beharrezkoa den espazioa irabaztea, eta pasabide irisgarriago bat sortzea.
 
Jon Iraola alkateak azpimarratu du berrurbanizazio honek herritarren behar historiko bati erantzuten diola. “Eibartarrek eskatzen zuten jarduketa bat da. Orain, eraispen-lanak aurrera egiten ari diren honetan, eta bakarrik geratzen denean 16 zenbakiko eraikina botatzea, espazio garrantzitsu hau aldatzen hasteko moduan gaude”, azaldu du.
 
Proiektuaren guztizko inbertsioa 1.033.000 eurokoa da (BEZa barne). Udalaren plangintzak lizitazio-prozesua datozen hilabeteetan hastea aurreikusten du, eraispenak amaitu ondoren obrei ekin ahal izateko. Aurrekontu-partida honekin, beharrezkoak diren baliabideak bermatzen dira, hirigintza-aldaketa honi heltzeko.

 

Arraguetako orubea aldi baterako erabiltzeko proposamena ez da onartu

Eibarko Udalak Arragueta 11, 13, 15, 17, 19, 21 eta 23 zenbakietako lursailen jabeei eskatu zien eraispenen ondoren geratu zen orubea aldi baterako eta doan erabiltzen lagatzeko, espazio publiko bat egokitzeko herritarrentzako. Nahiz eta Udalak konpromisoa hartu orubea baldintza onetan mantentzeko, jabeek baztertu egin dute proposamena.