Arragueta kaleko berrurbanizaziorako lizitazioa abiatu du Udalak
Eibarko Udalak ezagutarazi duenez, abian da Arragueta kalearen berrurbanizazio integralaren aurreko lanen lizitazio-fasea, 1,2 milioi eurotik gorako aurrekontua duena. Udalaren arabera, proiektuari esker hobekuntzak egingo dira irisgarritasunean, argiztapenean eta konexio urbanoan.
Udalaren oharrak dioenez, aurrekontua 1.235.539,71 eurokoa da (BEZa barne) eta ingurune “enblematiko” honen eraldaketa osoa ekarriko du. Hasteko, egun udalaren esku dagoen 16. zenbakia botako dute. Ostean, Arragueta kaleko 1 zenbakiaren eta Urkizu pasealekuaren arteko zatiaren obrari ekingo diote.
Udalaren aurreikuspenen arabera, Errebal kalearen estetikari jarraituko dio proiektuak, ondorengo berrikuntzekin: “espaloiek bi metroko zabalera izango dute alde bakoitzeko, zorua berriztuko da galtzada-harrizko asfalto inprimatuarekin, eta argiztapena eta irisgarritasuna hobetuko da”. Modu berean, Bidebarrieta kalearekin konexio berri bat egingo da, eraitsitako eraikinaren ondotik.