Arrate Eguna ospatzeko proposamen berria aurkeztu dute Zaporeak, Tekniker eta Eibarko Klub Deportiboak

Eibarko historia, ondarea, kultura, kirola eta berrikuntza zeharkatzeko ibilbidea egiteko aukera emango dute irailaren 8an
Arrate Eguna ospatzeko proposamen berria aurkeztu dute Zaporeak, Tekniker eta Eibarko Klub Deportiboak
2026/09/02 11:07
Ekhi Belar Errasti

Arrate Eguna dela eta, Tekniker, Eibarko Klub Deportiboa eta Zaporeak elkartea elkartu egin dira ekimen berri bat martxan jartzeko. Egun horretan Arratera ‘pausoetatik’ oinez igotzeko ohitura dagoenez, ibilbide horretan Eibarko historia eta identitatea hobeto ezagutzeko eta bere etorkizunari buruz hausnartzeko aukera eman nahi diete herritarrei. “Eibar nolakoa izatea nahiko genuke 2050ean?”, galderaren inguruan hausnarketa kolektiboa egitea da asmoa.

Horretarako, irailaren 8an egingo den ibilbide horretan hiru geldialdi egitea proposatuko dute. Lehen geldialdia Eibarko historiari eta ondareari eskainiko zaio. Jesus Gutierrez historialariaren eskutik, hiriko eboluzioa markatu duten gertaerak, lekuak eta elementuak ezagutzeko aukera egongo da.

Bigarren geldialdian Tekniker izango da protagonista, eta parte-hartzaileek bertan garatzen diren teknologia eta berrikuntza proiektu batzuk gertutik ezagutu ahal izango dituzte. “Eibarrekin lotura estua duen industria tradizioaren jarraipena irudikatzen dute”, Teknikerrekoen berbetan.

Puntu horretan, Zaporeaken eskutik hamaiketakoak eta ur botilak erosi ahal izango dira bost euroren truke, ekimenari osagai gastronomiko eta solidarioa gehituz. “Gainera, itsulapikoak jarriko ditugu proiektuari laguntzeko”, dioskue Zaporeakekoek.

Hirugarren geldialdian, parte hartzaileek galdeketa labur bat bete ahal izango dute, eta zozketa batean sartuko dira. Saria Teknikerren bisita gidatua egin ahal izatea izango da, instalazioak, teknologiak eta lan-lerroak sakonago ezagutzeko.

Deporrekoek gidatutako ibilbidea egin nahi dutenentzat hiru talde antolatuko dira: 09:30ean, 10:00etan eta 10:30ean. Izena HEMEN eman daiteke.