Battia Recycling Technologies eta Inspectrail dira 36. Toribio Echevarria Sarien irabazleak
BATTIA Recycling Technologies eta Inspectrail enpresek irabazi dituzte Toribio Echevarria sarien 36. edizioko sari nagusiak. BATTIAk Startup eta Enpresa Proiektuen kategorian jaso du saria, ibilgailu elektrikoen baterietatik lehengai kritikoak modu seguru, eraginkor eta jasangarrian berreskuratzeko garatu duen teknologiagatik. Inspectrail, berriz, Enpresa Berritzailearen kategorian saritu dute, trenbide-azpiegiturak digitalizatzeko eta modu adimendunean ikuskatzeko proposamenagatik.
Bi enpresek 12.000 euroko diru-saria jaso dute, eta, horrez gain, laguntza, finantzaketa, aholkularitza, mentoretza eta prestakuntza programetan parte hartzeko aukera izango dute. BATTIAk, gainera, Eibarko Enpresa Saria – Made in Eibar ere irabazi du. Azken sari horrek beste 12.000 euroko diru-saria eta 10.000 eurora arteko bonu teknologikoa dakartza, produktuak, prototipoak eta patenteak garatzeko.
Trust Eibarres enpresak ere jaso du aitortza, ehun urte bete dituen urtean. Iñaki Goenaga saria eman diote, egindako ibilbideagatik eta Eibarko enpresen ezaugarritzat jotzen dituzten balioak ordezkatzeagatik: konpromisoa, kalitatea, berrikuntza eta erresilientzia.
Sariak atzo banatu zituzten Eibarren, eta ekintzailetzaren, enpresaren, zientziaren, hezkuntzaren eta erakundeen arloetako ordezkariak bildu ziren. Jon Iraola alkateak Eibarren industria- eta ekintzailetza-tradizioa nabarmendu zuen. Era berean, saritutako proiektuek erronka ekonomiko eta teknologikoei aurre egiteko behar den talentua, ezagutza eta ekimena erakusten dituztela esan zuen.
Vanesa Hortas Ekonomia Garapeneko zinegotziak, berriz, ekintzailetza berritzaileari laguntzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu zuen. Haren esanetan, sariak aukera ematen du proiektu berritzaileak ezagutarazteko, haien garapena errazteko eta ekintzaileei hazteko baliabideak eskaintzeko.
Ekitaldian izan ziren, halaber, Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua eta Ane Miren de Ariño Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza eta Nazioartekotzeko zuzendaria. Horrez gain, Miguel Ángel Carrera AVS enpresaren sortzaile eta zuzendariak eta Román Orús Multiverse Computing enpresaren sortzaileetako batek etorkizunari buruzko solasaldia egin zuten. «2040: Odisea bat Gipuzkoan. Zientzia, adimena eta gizatasuna. Eraiki nahi dugun etorkizuna» izan zuten hizpide.
44 hautagaitza eta 13 finalista
Aurtengo Toribio Echevarria sarietara 44 hautagaitza aurkeztu dituzte, hainbat sektoretako enpresek eta proiektuek: Bio/Osasuna, Adimen Artifiziala, Industria eta Jasangarritasuna, Teknologia Berriak, Sports Tech eta Trantsizio Ekologikoa. Horien artean, epaimahaiak 13 proiektu hautatu ditu finalista.
Sariak duela 36 urte sortu zituzten, ekintzaileen lana aitortzeko, ekintzailetza berritzailea sustatzeko eta enpresa-proiektu berriak bultzatzeko. Ordutik, 850 enpresa-ideia eta proiektu baino gehiago aztertu dituzte, eta 45 milioi eurotik gorako inbertsioa mobilizatzen lagundu dute.
Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak antolatzen dituzte Toribio Echevarria sariak, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

