Arrateko Jaietako egitarauak beteko du hurrengo asteburua
Eibarko Udalak Arrateko Jaietarako egitaraua jakitera eman du eta, asteburua izanik, bi egunetan zehar hainbat ekintza eskainiko ditu.
Irailaren 7an, zapatuan, Arrate Egunaren bezperan, 16:00etatik aurrera, gurutzean, jai elektronikoa egongo dela iragarri dute. 18:00etan, meza egingo da Arrateko santutegian eta, ondoren, salbea, txupinazoa eta kanpai errepika. 19:00etan herri-kirolak egingo dira eta 21:00etan bertso afaria hasiko da, Tiro Pitxon jatetxean, ...eta kitto! Euskara Elkartearen Eskutik. Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Andoni Egaña eta Iker Zubeldia egongo dira bertan.
Arrate Egunean, 10:00etatik aurrera banatuko dute salsa, txorizoa eta ardoa Zesteroko iturrian, Ama Birjinaren pausoen bide zaharrean. Ordu berean hasiko da, baita ere, ...eta kitto! Euskara Elkartearen Kittonbola, ehundaka sarirekin.
Pixka bat beranduago, 10:30ean, kalejira egingo da Usartza Txistulari taldearekin, eta 11:00etan meza nagusia egingo da santutegian. Bertan, Usartza Txistulari taldeak eta Kezka dantza taldeak ezpata-dantza egingo dute eta, ondoren, prozesioa egingo dute Jainaga eta Narbaiza trikitilariak lagunduta.
Eguerdiko ekitaldiekin amaitzeko, 12:30ean, Kezkak dantzak egingo ditu Arrateko zelaian eta, 13:30ean 17:00etan, Telleria eta Meabebasterretxea bertsolariek saioak eskainiko dituzte.
Dantza solte txapelketa 17:30ean hasiko da eta egunari amaiera emateko, Emepe5 taldeak dantzaldia eskainiko du 18:30etik 20:30era.