Arraten amaituko da Euskal Herriko Itzuliaren gaurko etapa
Gaur jokoan den Euskal Herriko 55. Itzuliko laugarren etapak (Zumarraga-Arrate, 162'2 km) gure herria behin baino gehiagotan, hiru aldiz zeharkatuko du. Txirrindulariak Zumarragatik abiatu dira eta, gaurko jardunaldia Arraten amaitu aurretik, Eibarren herri barruan ibiliko dira: 14.30ak jota Barakaldo kaletik sartu da tropela eta, Urkizu zeharkatuta, Arragueta kalean gora joan dira; 15:15ak aldera bigarrenez pasatuko dira, Armeria Eskola paretik Isasi-Untzaga, Calbeton eta Bidebarrieta kaleetatik behera, Azitainerako bidean; eta Arraterako igoerari ekin baino pixka bat lehenago, 16.47ak inguruan Maltzagatik etorriko dira txirrindulariak, saihesbidetik Ixua-Usartzara igotzen joateko. Arrate gaineko etapa amaiera 17.00ak alderako dago iragarrita.