Artisau erako ogi ekologikoa-HoBBea proiektuaren inguruko jardunaldia egingo da abenduaren 14an Errebal Plazan
Artisau erako ogi ekologikoari eskeinitako topaketa Gipuzkoako Biolur, Iparraldeko BLE eta Nafarroako Hazialdeko ekoizpen ekologikoko elkarteek antolatu dute, Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen eta Eibarko Udalaren laguntzarekin. Azaldu dutenez, “proiektu hau ogiaren balio-katea osatzen duten eragileen lankidetza-harremanaren ondorioz sortu da, gaur egungo elikadura-sistemaren iraunkortasunari buruzko kezka partekatzen baitute denek. Sistema horretan, ekoizpen eta kontsumo-moduek eta elikagai-xahuketak eragin handia dute bai ingurumenean, baita osasunean eta jendartean ere”.
Testuinguru horretan, HoBBea Euroeskualdearen berrikuntza-deialdiaren esparruan ekoizpen ekologikoko hiru elkarteek sustatutako proiektua da. Helburua “nekazari-okinaren figura indartzea, eta lurraldean ogi ekologikoaren kontsumoaren balioak eta onurak ezagutaraztea” da, baita elkarteen arteko lankidetza sendotzea ere. Eta, aipatutako horiekin batera, “gaur egungo krisi eko-sozialari aurre egiteko ekoizpen eta kontsumo-eredu arduratsuak sustatzea”. Horretarako hainbat ardatzen gainean lan egiten dute: okintzarako gari-barietateak berreskuratzea eta gizartean aldaketa kulturala sustatzea dira ardatz horien arteko nabarmenenak.
HoBBearen lehen topaketa maiatzaren 17an egin zuten Jatsun (Behe Nafarroa). Hantxe eman zuten ezagutzera Euskal Herrian bertako hazien karakterizazioan egiten den lana. Eibarkoa bigarren topaketa izango da. Antolatzaileen berbetan, “topaketa honek artisau erako ogi ekologikoa izango du oinarri. Haren garrantzia azpimarratuko da hainbat ikuspegitatik, eta elikaduraren, osasunaren eta kontsumoaren arloan gure lurraldean dauden eragileekin partekatzeko elkarrizketa-gune bat sortuko da”. Jardunaldia goizeko 10:00etan hasiko da: Sosola baserriko Aizpea Izagirre artisau-okinak ongietorria egingo die bertaratzen diren guztiei, Errebal Plazan. Gainontzeko jarduerak, berriz, Errebal Plazaren goialdean dagoen aretoan egingo dira.
Goizean zehar, nutrizionista profesional eta okintzan ikertzailea den Christian Rémésyk (INRA–Ikerketa Agronomikoaren Institutu Nazionala– institutuaren zuzendari ohia) eta Myriam Possou okin profesionalak baserriko ogi ekologikoaren nutrizio balioei buruz hitz egingo dute. Saioan sukaldariak, elikadura-ikertzaileak, nutrizionistak eta osasun arloko adituak bildu nahi dira. Eguerdian, berriz, bertako produktu ekologikoak dastatzeko aukera emango duen buffeta egingo da. Pertsonako 13 euro ordaindu beharko dira, ekitaldian bertan. Eta 14:30etik aurrera, parte hartuko duten hiru elkarteetako teknikariek, ekoizleek eta okinek egiten duten ogiaren balioak ezagutaraziko dituzte. Horretarako, bertako haziak, laborantza ekologikoa eta okintza-prozesuak izango dituzte hizpide. Saio hau elikagaien merkataritzari, kontsumo-taldeei eta kontsumitzaileei zuzenduta dago, eta ogiaren kontsumoari buruz sor daitezkeen galderei erantzutea eta zuzeneko salmentan aritzen diren eragileen ekarpenak jasotzea da helburua. Jardunaldia arratsaldeko 17:00etan amaitzea aurreikusi dute.
Parte hartu nahi izanez gero, abenduaren 10aren aurretik eman beharko da izena, bai kartelaren QRaren bidez, bai Biolur elkartearen web-orrian (www.biolur.eus).