Basalgo parke eolikoari buruzko herri alegazioen kanpaina indartsu hasi da
Herri alegazioen kanpaina datorren abenduaren 22ra arte garatuko da, hori baita dokumentuak aurkezteko azken eguna. Plataformak informazio-gune gehiago jarriko ditu datozen bi aste hauetan: “Bertan, proiektuaren xehetasunak eta Eibarko Mendiak Bizirik egiten ari den lana ezagutu ahal izango dira, baita alegazioak sinatu ere, hala nahi izanez gero. Mahaia Untzagan jarriko da berriro, baina Amaña, Urkizu eta Errebalera ere eramango da”. Nahi izanez gero, alegazioekin bat egiteko orria Internetetik jeitsi daiteke HEMEN, ondoren sinatzeko.
Gainera, kanpainarekin bat egin nahi dutenek, honako establezimendu hauetan jaso dezakete sinatu beharreko orria, eta ondoren bertan entregatu:
- Amesti Taberna (Ziriako Agirre, 2)
- Basagunea (Errebal Plazia)
- CDR Bizikletak (Barrena, 32)
- Klub Deportiboa (Toribio Etxebarria, 16)
- Eskulan (Bista-Eder, 1)
- Guridi Taberna (Untzaga, 3)
- Kultu Taberna (Zuloagatarren, 3)
- Nahaste kafetegia (Romualdo Galdos, 16)
- Elgoibarko Marrubi Denda (Antonio Arrillaga, 3)
Adierazi dutenez, ekimena beste herri batzuetako herritarrei zabalik dago, eta dagoeneko atxikimenduak jasotzen ari dira Debabarreneko eta Durangaldeko hainbat udalerritatik, kaltetutako herrietakoez gain. Horrez gain, dokumentua eskuragarri dago plataformaren hedapen-kanalean (Eibarren banatu diren karteletan txertatutako QR kodearen bidez sar daiteke).
Eibarko Mendiak Bizirik-ek hiritarren eta ekimenari laguntzen dioten establezimenduen parte-hartzea eskertu nahi du, herri alegazioen garrantzia gogoratzeaz gain: “Arena Power enpresak – Basalgo proiektua sustatzen duen bera – Bizkaiko Jata eta Sollube mendietan garatu nahi zuen parke eolikoaren makroproiektuarekin gertatu berri denak erakusten duen bezala. Mugimendu herritarrek 3.300 alegazio aurkeztea lortu zuten eta enpresak uko egin dio aurrera egiteari”.
Basalgo proiektuak 200 metroko sei aerosorgailu jarri nahi ditu Eibar, Bergara eta Soraluzeko mendietan eta horrek kalte handiak eragingo lizkioke hiru herrietako natura-inguruneari, landa-inguruneari eta ondare historikoari.