ASIER BLAS: “Trumpek demaseko babesa jaso du, baita irabazi ez duen estatuetan ere”
Alderdi Errepublikarreko Donald Trumpek Amerikako Estatu Batuetako (AEB) hauteskundeak irabazi ditu bozetan Alderdi Demokratako Kamala Harrisi gailendu ondoren. Bigarren legegintzaldia izango da Trumpentzat, 2017etik 2021era presidente izan baitzen. Polemikak inguratzen du Trump, baina hori ez da oztopo izan garaipen argia lortzeko.
Bihar, hilak 7, AEB-ko sistema politikoaren eta 2024ko hauteskundeen inguruko hitzaldia emango du, 10:00etan, Armeria Eskolan, Asier Blas Mendoza nazioarteko politikan adituak. Gaur, ostera, EHU-n egon da unibertsitateko errektore izateko Joxerramon Bengoetxearen hautagaitzaren aurkezpenean, eta bere bisita aprobetxatu dugu AEB-ko hauteskundeetako emaitzak aztertzeko.
Nolako irakurketa egiten duzu AEB-ko hauteskundeen inguruan?
Lehia estua izango zela esaten zen eta azkenean ez da estua izan. Konpromisario kopuruan erraz irabazi du Donald Trumpek eta, oraindik datuak konfirmatzeke daude, baina botoetan ere berak irabazi du. Azken hori zalantza zegoen. Hautatutako konpromisarioek erabakitzen dute presidentea zein izango den eta gerta zitekeena zen konpromisario gehiago edukitzea baina botoetan ez irabaztea. Adibidez, Kaliforniak 54 konpromisario ditu eta estaturik populatuena da (60 milioi biztanle); beraz, hor irabazten duenak boto andana lortzen ditu, baina berdin dio boto batengatik edo milioi batengatik irabazi, lortzen dena 54 konpromisario direlako. Kasu honetan, ikusi duguna da Trumpek demaseko babesa jaso duela, baita irabazi ez duen estatuetan ere.
Nola ulertu daiteke Trumpen arrakasta?
Nire hurbilketa ekonomikoa izaten da beti eta esango nuke ekonomiak azaltzen duela arrakasta hori. Bill Clintonek 90. hamarkadan hauteskundeak irabazi zituenean, “ekonomia da”, esan zuten, eta pentsatzen dut orain ere ekonomia dela. AEB-n ekonomia gainbeheran dago, dekadentzia luzean sartuta dago, eta datu makroekonomikoak itxurosoak izan arren, mikroekonomian jende gehienarentzat egoera txarra da. Badakigu gerra kulturalak ere asko mobilizatzen duela eta hori da Trumpen hasierako giharra, eskuin muturreko posizioekin; baina egoera ekonomikorako hautesleen artean Trumpen proiektu protekzionistak, Kamala Harrisen proiektu neoliberal ñabartuak (demokratek protekzionismorako zenbait zantzu erakutsi baitute) baino konfiantza gehiago sortzen duela eman dio garaipena Trumpi.
Trumpen aurkako atentatua, Harrisek Joe Bidenen tokia hartzea… Kanpainak nola eragin du hauteskundeen emaitzetan?
Kanpaina hiru momentu bereizten da. Hasieran Trump eta Biden zeuden, eta hor aspalditik jakina zen zerbait ikusi zen: Biden burutik gaixo zegoela. Horrek balio digu hausnartzeko zenbat gezur esaten dituzten fake news-ak salatzen dituzten horiek. Esaten ziguten Bidenen inguruan esaten zen hori egia ez zela eta abar, eta ikusi da baietz, egia zela. Momentu horretan ikusten zen Trumpek irabaziko zuela, bitartean haren aurkako atentatuak bere posizioa gehiago indartu zuelarik, eta hor Alderdi Demokratak aldaketa bat egin zuen, Harris Bidenen tokian jarriz. Hasiera batean Harrisek babes handia jaso zuen inkesten arabera eta bazirudien irabazi zezakeela, baina behin hauteskunde kanpaina hasi zela, uda eta gero batez ere, hirugarren momentua hasi zen: Trumpek inkestetan etengabe aurrera egitea. Ikusi zen aurrea hartzen ari zela giltzarri ziren estatu guztietan. Azkenengo astean sortu zen zalantza, bazirudielako Trumpi ez zihoakiola oso ondo. Hain zuzen ere, orain dela pare bat domeka New Yorken mitin nagusia eskaini zuen eta bertan umoregile batek puertorricarrei buruzko gustu txarreko txiste arrazistak bota zituen. Ordutik gauzak okertu egin zitzaizkiola zirudien, inkestetan ere jaso zen Harrisek biziberritzeko aukerak zituela, baina harrezkero 80 milioi boto emanak zeuden eta azken momentuko aldaketa hauek ez dute gehiegi eragin.
Beraz, ez da ezusteko handirik izan?
Uste dut hor badaudela emaitzak ulertzen lagundu ahal dizkiguten hiru elementu. Batetik, apustu etxeetan ikusten genuena. Apustu etxeak inkestak baino fidagarriagoak dira. Inkestak norbaitek ordaintzen ditu eta, normalean, horren atzean interes bat dago; apustu etxeetan, ostera, jendeak bere dirua jartzen du jokoan, eta aspalditik argi eta garbi esaten zuten Trumpek irabaziko zuela. Bigarrenik, Jeff Bezos, Amazon enpresaren jabea eta Trumpek oso kontrakoa, Washington Post egunkariaren akzionista nagusia da eta hauteskundeetan ez lerrotzeko eskatu zion egunkariari. Hau da, demokratentzat botorik ez eskatzeko. Gauza arraroa da, 2016an eta 2020 demokratentzat botoa eskatu zuelako. Are gehiago, 2016an Trumpekin demaseko talka izan zuen eta Hillary Clintonen oso ondoan egon zen. Oraingoan, Washington Post demokraten alde egon da, baina ez du esplizituki eurentzat botorik eskatu, New York Timesk egin duen bezala. Hori gertatu bada, seguruenik Bezosek Trumpek irabaziko zuela zekielako da. Amazon babestu nahi zuen horrela. Hirugarrenik, orain dela bi-hiru egun, Michiganen, Harrisek bolante-kolpea eman zuen eta mitin horretan esan zuen Ekialde Hurbilean bakea sustatuko zuela eta Palestinaren autodeterminaziorako eskubidea egikaritzeko neurriak hartuko zituela. Non egin zituen adierazpenok? Michiganen, populazio musulmana oso garrantzitsua den estatu batean, bereziki libanoar eta palestinar jatorrikoa. Mugimendu nahiko desesperatua zirudien, jakinik AEB-k Palestinako genozidioan duen inplikazioa zein den, eta kanpainan lobby sionisten menpe egon dela eta euren mesederako adierazpenak egin dituela egun batean bai eta bestean ere.
Estatu giltzarriak, konpromisarioak… aipatu dituzu lehen, AEB-ko hauteskunde sistemaren gakoak. Nolakoa da sistema hori?
Sistema presidentzialistetan ohikoena presidentea aukeratzea da, baina AEB-n jendeak ez du presidentea bozkatzen. Estatu bakoitzak X konpromisario delegatu ditu, hauteskunde kolegio berezi batean presidentea nor izango den bozkatuko dutenak. Horrek esan nahi du gutxi gorabehera barrutiekin funtzionatzen duela. Barrutiak daude, barrutietan X diputatu daude eta barrutian irabazten duen alderdiak diputatu guztiak eramaten ditu, bere osotasunean (bi estatutan izan ezik). Adibidez, Kalifornian irabazten duenak, bertako diputatu edo konpromisario guztiak eramaten ditu, eta beste estatuetan berdin. Gero, hautatuak izan diren konpromisario horiek presidentea hautatzen dute.
Estatu giltzarriak beti izaten dira berdin ala hauteskundeen arabera aldatzen dira?
Aldatuz doaz. Estatu batzuetan badakigu ia beti alderdi berak irabazten duela. Adibidez, Kalifornian demokratek eta Texasen errepublikarrek. Beste estatu batzuek, ostera, euren boto-portaera aldatzen dute historian zehar. Giltzarri ziren batzuek, Florida bezala, giltzarri izateari laga diote, orain errepublikarrek irabazten dutelako beti. Hauteskunde hauetan zazpi estatu giltzarri aurreikusten ziren eta orain arteko datuek diotenaren arabera, zazpietan Trumpek irabazi du.
AEB demokraziaren eredu bezala jartzen dute askok. Zenbateraino da hori horrela?
Grazia egiten dit hedabideetan AEB munduko demokraziarik zaharrena dela entzutean. Gezurra da, gezur oso handi eta borobila. Gainera, politika zientzian Ipar Amerikako akademikoek ere ez dut hori zalantzan jarri. Normalean, demokrazia liberal batek zein ezaugarri bete behar dituen zehazten duen lana Robert Dahlek 1971an idatzi zuen ‘Poliarkia’ liburua da. Bertan zehazten dira demokrazia liberal batean zein erakunde izan behar dituen, zein baldintza bete behar diren, eta abar. Oraindik ere liburu horretan oinarrituta egiten dira demokrazia-indize gehienak (The Economist, Freeom House… dena anglosaxoiak). Ba liburu horretan, Dahlek izartxo bana jartzen zien AEB-ri eta Suitzari.
Zergatik?
Bi herri hauetan ez zegoelako sufragio unibertsalik. 1971an, Suitzan, emakumeek ez zuten botoa emateko eskubiderik. Hain zuzen ere, federazioan urte horretan lortu zuten eskubidea, baina kantoi baina kantoi batean 1989ra arte itxaron behar izan zuten. Bestetik, AEB dago. Ezezaguna da gurean AEB-n erregistratu egin behar dela botoa eman ahal izateko. Hau da, ez duzu botorako eskubiderik, botorako eskubidea borrokatu egiten da, lortu egin behar duzulako. Lortzeko, baldintza batzuk daude, estatuz estatu jartzen direnak. Adibidez, 1870etik 1970. hamarkadara arte, hegoaldeko estatuetan populazio afroamerikar zati handi batek ez zuen botorako eskubiderik. Pobreek ere ez zuten eskubiderik.
Pobreek zergatik ez?
Hezkuntza maila bat, jabegoren bat, erregistratu ahal izateko tasa ordaintzea, diru-sarrera jakin batzuk… eskatzen zutelako. Historian zehar gauza ezberdinak eskatu dira eta aldatuz joan dira. Horrela, pobreak eta arrazializatuak kanpoan geratzen ziren. Gainera, sasoi horretan alderdi bakarreko sistema zegoen de facto, 100 urtez Alderdi Demokrata egon baitzen boterean. Gogoratu behar da Alderdi Demokrata zela Ku Klux Klanen laguna, ez ahaztu. Eurek agintzen zuten eta ez zegoen benetako lehiarik errepublikarren eta demokraten artean.
Noiz aldatu zen hori?
1970. hamarkadatik aurrera. Harrezkero, AEB demokrazia liberal batera gerturatu da gehiago, erregistratzeko zeuden baldintza gogorrak kendu egin zirelako. Gainera, federazioari, lege baten bitartez, estatuek jartzen zituzten baldintzen gaineko kontrola egitea arautu zitzaion. Are gehiago, baldintzak oso injustuak baziren, bertan behera geratu zitezkeen. Hala ere, erregistratu egin behar da eta erregistro hori lanegunetan egin behar da, askotan 4-5 egun behar direlarik. Beraz, pobreek lantokietan baimenak eskatu behar dituzte erregistratzeko. Hori guztia Bill Clintonek sinplifikatu zuen 90. hamarkadan. Horregatik, harrezkero AEB-ko politika polarizatu egin da. Alde aurretik, zergatik ziren Pepsi eta Coca Cola demoktratak eta errepublikanoak? Antzekoak ziren: zuriak, aberatsak, normalean gizonezkoak, protestanteak… Horien arteko lehia zen. 90. hamarkadatik aurrera sufragioa zabaldu egin da, ez da unibertsala erregistratu egin behar delako, baina hortaz aparte, atzerakako momentu batean dago AEB-ko demokrazia.
Atzeraka zergatik?
2012an, Auzitegi Gorenak esan zuen estatuak libre direla nahi bezala erregistroa erregulatzeko. Hau da, ordura arte federazioak egiten zuen behaketa lana justua ez zela, estatuen eskuduntza zelako. Beraz, harrezkero ikusten dugu estatu batzuetan geroz eta zailtasun gehiago jartzen zaizkiela herritarrei boto-emaile gisa erregistratu ahal izateko. Demagun: AEB-n ez dago NAN-ik, eta NAN-ik ez dagoenez, erregistratu ahal izateko estatu bakoitzak paper desberdinak eska diezazuke (batzuetan lau karnet ofizial argazkiarekin erakustea eskatzen dute, adibidez, eta lortu egin behar dira, seguruenik pobreenek zailtasunak izango dituztelarik). Ohikoena gidatzeko karneta eskatzea da (estimatzen da amerikarren %20ak ez duela gidatzeko baimenik), edo pasaportea, baina kontuan izan behar da amerikarren erdia baino gehiago ez dela herrialdetik atera. Hori da AEB-ko demokrazia. Esango genuke demokrazia liberalen artean demokrazia-dentsitate baxuenetakoa duena dela, eta oso demokrazia liberal berria dela.
Hauteskundeen emaitzak ikusita, nola norabidea hartuko du AEB-k barrura begira? Hau da, herrialdean bertan?
Hauteskunde emaitzak laga duen sorpresarik handiena ez da hainbeste Trumpen garaipena izan (batak zein besteak irabazi zezakeen). Hauteskunde hauetan ez zen presidentea bakarrik bozkatzen (hau da, presidentea hautatuko duten konpromisarioak), beste gauza gehiago ere zeudelako bozkatzeko. Adibidez, Ordezkarien Ganbara (AEB-ko Kongresuak bi ganbera ditu, hau da bat, eta bi urtean behin aukeratzen dira ordezkari guztiak). Konfirmatzeko dago, baina badirudi errepublikarrek gehiengoa lortu dutela. Horrez gain, Senatuaren herena hautatu behar zuten (agintaldia sei urtekoa da eta bi urtean behin herena aukeratzen da) eta orain hautatu den heren horrek errepublikarrei gehiengoa emango die. Beraz, errepublikarrek Senatua eta Ordezkarien Ganbara kontrolatuko dute, presidentea izango dute eta horri beste elementu bat erantsi behar zaio: Auzitegi Gorena. Momentu honetan bederatzi magistratu daude, bizi arteko kargua dira, eta horietatik sei kontserbadoreak dira (errepublikarrek hautatuak) eta hiru demokratak edo aurrerakoi liberalak.
Horrek zer esan nahi du?
Federazio mailan lau betodun jokalari instituzional daude (Ordezkarien Ganbara, Senatua, presidentea eta Auzitegi Gorena), eta laurak Alderdi Errepublikarrak edo Trumpismoak kontrolatuko ditu. AEB-n status quoa politika publikoetan pribilegiatua da, oso zaila da aldatzea. Askotan pentsatzen da munduko presidenterik indartsuea AEB-koa dela, baina ez da horrela, inondik inora, bere boterea oso kontrolatuta dagoelako beste hiru jokalari horiengatik. Kontua da oraingo honetan denak kontrolatuko dituela Trumpek eta normalean, AEB-n politikagintza status quoa ñabartzea bada, bi alderdien artean akordioak lortu behar direlako, orain betorik izango ez duenez, Trumpek botere asko izango du. Beste alde batetik, AEB sistema federala da eta estatu bakoitzak autonomia handia izaten du politika publikoak egiteko (estatuz estatu gauzak asko aldatzen dira), baina federazioan behintzat politikari dagokionean indar handia izango du Trumpek.
Trumpek zer egingo duela iragarri du?
Ekonomia arloan politika protekzionistak ezarriko ditu. Hau da, arantzelak inportazioentzat, herrialde berrindustrializatu nahi duelako eta bere dekadentzia ekonomikoari aurre egin. Hori ez du erraza izango egitea. Egia da aurrekoan arantzelak jarri zituela, baina arantzelak jartzeak AEB-k inportatzen dituen produktu asko garestituko ditu eta inflazioa haztea ekarriko du. Gainera, produktu horietako asko garrantzitsuak dira bertako industriarentzat ere bai. Edozein kasutan, argi dago hori proiektuaren zati garrantzitsua dela eta badirudi aurrerapausuak emango dituela (seguru aski, ez berak nahi izango lituzkeen beste), eta horrek talkak sortuko ditu Mexikorekin eta Kanadarekin (euren arteko Tratatu Libreko Akordioarekin), eta baita Europar Batasunarekin ere. Bestalde, badakigu etorkinen aurkako politika oso gogorrak jarriko dituela. Gero, egia da presidenteak ez dituela abortuaren gaineko eskuduntzak, Auzitegi Gorenaren azken epaiaren arabera estatuei dagokielako, baina botere sinboliko handia du eta momentu batean pausu sinbolikoak egin ditzake politika paleokontserbadoreak sustatzeko. Baliteke gutxiengoekin gatazkak sortzea, baina ez dago oso argi, arrakasta izan duelako hispanoekin adibidez (gizonezko hispanoen artean berak irabazi du).
Eta kanpo politikari begira nolako norabidea hartuko du?
Bere kanpainaren oso elementu zentrala bakea izan da, eta gerretatik erretiratzea. Esatea erraza da, baina egitea zaila. Izan ere, hor badago deep state delako eta botere handia duen arma-industria. Hauteskunde zirku guzti honetan (zirkua delako), lobbyek hautagai biei ematen diete dirua, eta arma-industriak bai Trumpi bai Harrisi eman die dirua, eta sionistek berdin. Batak zein besteak irabazi, lobbyek irabazi egiten dute. Trumpek esan du bakea sustatuko duela Ekialde Hurbilean, Ukrainako gerra azkar amaitu duela, Txinarekin lehia komertziala bakarrik izango duela… baina beste gauza bat da zer egiteko gai izango da. Argi dagoena da Ukrainako gerraren orria pasatuko dela (dagoeneko gainbeheran zetorren, baita demokraten artean ere), baina Ekialde Hurbilekoa ez dago hain argi, lobby sionistak demaseko indarra duelako eta euren zati handi bat Trumpista delako. Ikusteko dago, baina badirudi bake agertoki bat sustatu nahi duela. Uste dut zentzu horretan politika gutxi aldatuko dela. Bestalde, presidente moduan eman duen lehenengo hitzaldian ez du bakeaz hitz egin hainbeste, baina bai iragarri du ez dela beste gerra batean sartuko. Egia da Trumpek, bere agintaldian, azken hamarkadetan presidente guztien artean gerrarik hasi ez duen bakarra izan zela, eta laurteko honetan hori errepikatu egingo duela iragarri du. Hortaz aparte, ez dela gutxi, gauzak nazioartean ez dira hainbeste aldatuko berak hauteskunde kanpainan iragarri duen bezalaxe.