Udaltzaingoaren lana eta Ertzaintzarekin lankidetza bikainak izaten ari direla berretsi du Jon Iraola alkateak
                Azken egunotan esan dituzten gauzen artean, jeltzaleek alkateari aurpegiratu diote “udalaz gaindiko gaiei buruz hitz egiten duela Udalaren izenean”, eta “Iraola jaunak Gobernu Taldearen izenean hitz egiten duenean, ahaztu egiten duela EAJ-PNV ere talde horretako kide dela”, besteak beste. Jeltzaleak haserre agertu dira, halaber, “udal-gobernuaren beste aldearen, EAJ-PNVren onespenik gabe” alkateak komunikabideetan eta sare sozialetan hiriko polizia-jarduerei buruzko adierazpenak egin dituelako.
Horren aurrean, honakoa adierazi du Iraolak: “Udalerriko segurtasuna arriskuan jar zezakeen gertakari zehatz batzuen aurrean, nik Segurtasun sailburuari idatzi diot, Eibarko Ertzain-etxea baliabide gehiagorekin hornitzeko aukera berriro aztertzea eskatzeko. Hori pertsonalki egin nuen duela hilabete batzuk izan nuen bilera batean, eta orain berriro egin dut. Alkate gisa, uste dut hori dela niri dagokidana, eta beharrezkotzat jotzen dudan bakoitzean hala egingo dut. Eta, gainera, horri eskerrak Eibarren Ertzaintzaren baliabide gehiago baditugu, asteburu honetan gertatu den bezala, ba primeran”.
EAJ-PNVri “ez dadila bakarrik hitzetan geratu, hitzetatik ekintzetara pasatu behar duela esan nahi diot”. Alkateak dioenez, EAJ-PNV segurtasunaren gaiarekin arduratuta dagoela adierazi du behin baino gehiagotan, komunikabide zein sare sozialetan: “Beraz, alkatearen eskaera honekin bat egiteko eskatu nahi diet, nire kudeaketa eta Udaltzaingoaren lana kritikatu beharrean. Ez gaude udalean sail baten interesak defendatzeko, hiriaren eta eibartarren interesak defendatzeko baizik, eta herritarrak segurtasun handiagoa eskatzen ari dira. Alkatea naizen aldetik, herritarren interesak defendatzea dagokit, ez sail batenak, EAJk egin duen bezala”.
Era berean, Udaltzaingoari buruz esandako hainbat gauza argitu nahi izan ditu Iraolak: “Ditugun baliabideak izan behar ditugunak dira, eta dagokigun moduan ari gara. Horretarako, Udaltzaingoaren plantilla indartu dugu, batez ere asteburuetan gauez. Udaltzaingoa lan bikaina egiten ari da, eta, bestalde, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioa —herritarren segurtasunaren arloan eskumena duen erakundea baita Ertzaintza— emaitzak ematen ari da, eta bien arteko lankidetza bikaina ari da izaten”.