Asier Sarasua: “Gure aitxitxa-amamen belaunaldiak bazuen ezagutza bat, guk jaso ez genuena”

Asier Sarasua izango da aurten …eta kitto! Jaiko omendua. Natura, euskara eta Eibarko ondarearen inguruko lanak uztartu ditu urteetan, eta bereziki Eibarko euskeria eta ahozko ondarea jasotzen egindako lanagatik da ezaguna.
Asier Sarasua: “Gure aitxitxa-amamen belaunaldiak bazuen ezagutza bat, guk jaso ez genuena”
Asier Sarasuak ...eta kitto! Euskara Elkartearen eta herritarren omenaldia jasoko du zapatuan.
2026/10/02 14:21
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Espero zenuen aurtengo …eta kitto! Jaiko omendua izango zinela? Zer esan nahi du zuretzat omenaldi honek?

Ez neban espero, inondik inora. Baina horrelako omenaldiek bi alde dituzte: alde batetik, lotsa puntua, «omendua ni zergatik?». Baina, beste alde batetik, pozik nago nirekin gogoratu izanagatik. Azkenean, gure harrotasun puntua denok dugu barruan, eta ilusioa egiten du norbera aintzat hartzeak.

Biologia ikasi zenuen lehenengo, eta Euskal Filologia ondoren. Nola iritsi zinen bi mundu horiek uztartzera?

Ez dakit ona edo txarra den, baina bizitzan gauzak argi izan ditzakezu, gauza bat gustatu, horretan sakondu eta bide horretatik jo. Edo gustatu ahal zaizkizu gauza asko eta... bueno, ni hor ibili naiz. Egia da bai lan-ildoek eta bai gustuek bideratu izan nautela nire lan, zaletasun, ikasketa eta lan profesionaletara.
Lehenengo biologia egin nuen. Txikitatik gustatu izan zaizkit natura, ekologia, kontserbazionismoa, animaliak... Nire burua txikitan beti gogoratzen dut mendian, kakalardoak, kirkilak, subalindarak, zapaburuak hartu eta etxera eraman, ikusi... Beti gustatu izan zait hori. Orduan, nahiko garbi nuen biologia ikasi nahi nuela eta horrela egin nuen. Oso pozik nago ikasketa horretaz, eta biologo gisa ere jardun nuen.
Bestetik, euskaltzaletasuna eta euskararen inguruko interesa beti jaso ditut familian, eta, biologia ikasten nenbilela, …eta kitto! Euskara Elkartea sortu zen, 90eko hamarkadaren hasieran, duela 35 urte inguru. Sasoi horretan sartu nintzen …eta kitto!-n eta euskararen munduan. Ordura arte ere banuen euskararekiko interesa, baita Eibarko euskararen inguruan ere, eta azterketa oso azalekoak eta abar hasi nintzen egiten. Behin murgilduta, erabaki nuen Euskal Filologia ikastea.

Eibarko hizkera, historia eta ahozko ondarea jasotzen urte asko daramatzazu. Zerk bultzatu zintuen lan horietan hastera?

Filologia ikasi aurretik hasi nintzen Eibarko euskeria jasotzen. Eibarko mendi-toponimia biltzen ibili ginen Itziar Alberdi eta biok: baserriz baserri ibili, jendea elkarrizketatu, mapak egin, zelai, baserri, txabola eta mendien izenak jaso... Pare bat urte ibili ginen horretan. Bai artxiboko lana, dokumentu historikoetan nola agertzen ziren izen horiek, eta gero nola ahoz jasotzen ziren.
Horrek Eibarko baserrien bilketa lana ere egitera eraman gintuen Ane Sarasketa eta biok. Horrek ere Eibarko landa-eremuaren, bertako ohituren eta abarren ikuspegia eman zidan. Gero jarraitu genuen azterketa linguistikoekin. Fernando Muniozguren zen orduan euskara teknikaria, eta batzordean sartu gintuen. Hor ibili ginen denetarik batzen: Eibarko aditzak, morfologia, sintaxia, hiztegia, kantuak, esakerak...

Eta nola lotu zen hori guztia zure biologiarekiko zaletasunarekin?

Biologia ikasten nenbilela, nire erreferentzia-iturriak idatziak ziren. Etxean ez daukat baserritarrik, ez guraso ez aitxitxa-amama baserritarrik, ez ehiztaririk. Eta, adibidez, ni txorizalea nintzen ordurako. Txorien izenak ikasi nituen eskolan eta liburuetan.
Baina gero, hemen mendian hasi nintzenean, jende nagusiarekin baserrietan, ehiztariekin eta herriko jendearekin elkartzen nintzenean, nik liburuetan ikasitako izenek eta hemen erabiltzen zituztenek ez zuten zerikusirik. Ia denak ziren ezberdinak.
Orduan ikusi nuen bazegoela ondare bat, jende nagusiarena. Nik liburuetan ikasitako izenek eta hemen erabiltzen zituztenek ez zuten zerikusirik, ia denak ziren ezberdinak. Eta, beharbada, gehien interesatu ninduena hori izan zen: ikustea nire aitxitxa-amamen belaunaldiak, XX. mendearen hasieran jaiotako belaunaldi horrek, bazuela ezagutza bat, hizkera bat eta hiztegi bat, guk jaso ez genuena.
Eta hortik hasi nintzen. Gehienbat, nik lan egin dut bilketan: jende nagusiarekin berba egin, ezagutza hori jaso, eta, moduren batean, batu, katalogatu eta gizarteratzen.

Horrela sortu zen Eibartarren Ahotan proiektua 1999an.

Bai. Euskal Filologia 1996-98 inguruan hasi nuen, eta orduan hasi zen Eibarko euskera lantzeko batzordea ere. Fernando Muniozgurenek Egoibarra batzordea sortu zuen, eta …eta kitto!-k egindako elkarrizketa batzuk transkribatzeko proiektu txiki bat izan zen hasieran. Itziar eta biok ordura arte …eta kitto!-k egindako grabazio batzuk transkribatzeko ardura hartu genuen.
Orduan ikusi genuen gure aitxitxa-amamen belaunalditik guregana galdutako ondare zabal bat zegoela eta transmisio hori eteten ari zela. Eta horrela sortu genuen Eibartarren Ahotan, Eibarko ahozko ondarea jasotzeko proiektua. Helburua ez zen aditzak edo hitzak nola esaten ziren bakarrik jasotzea. Gehiago zen haien bizitzak eta oroimenak jasotzea, eta hori guztia Eibarko herriarekin eta Eibarko euskaran jasotzea. Gero, proiektua eskualdera eta Euskal Herri mailara zabaldu zen, Euskal Herriko Ahotsak izenarekin.

Eta zer aldatu da 30 urte hauetan?

Euskararen egoerari dagokionez, duela 30 urte elkarrizketak egiten hasi ginenean topatzen genuena jada ez da existitzen. Ez da existitzen belaunaldi hori. Ez dira existitzen belaunaldi horren bizipenak, ezta euren hizkera eta erabiltzen zuten hiztegia ere. Euren egunerokoa, herrian XX. mendean ezagutu zuten bizimodua, bai berba egiteko modua, bai lurra eta lana egiteko moduak... hori guztia batu genuen. Azkenengo lekukoak batu genduan. Gaur egun ez dago hori. Jada ezin duzu batu.

Zer da Eibar zuretzat?

Nik ikusten dut nire burua oso errotuta. Hau da, nik behar dudala errotuta egotea. Badago jendea, agian, errotuta egotea behar ez duena. Nik behar dut toki batekoa sentitu, eta ez daukat dudarik nongoa naizen: hemen jaio naiz, familia eibartarra daukat, hemen bizi naiz... Nik nire bizitza Eibarrekin oso lotuta sentitzen dut.