Asteburu bikaina Eibar Eskubaloia taldeko seniorrentzat
Eibar Eskubaloia taldeko seniorrentzat asteburu borobila izan da. Emakumezkoen Zilarrezko Ohorezko Mailan, lehia bizi jokatu zen Aritzbatalde kiroldegian. Aiala Zarautz ZKE eta Eibar Eskubaloiaren arteko neurketa oso parekatua izan zen eta puntu bakarrarengatik gailendu ziren eibartarrak, 26-27.
Eibartarrak oso kontzentratuta atera ziren zelaira eta partidaren erritmoa markatu zuten. Mara Zubizarreta Caballerok ireki zuen markagailua eta jokalari nabarmenetako bat bihurtu zen, erasoko liderra izanez. Taldeak defentsa sendoa erakutsi zuen eta aurkariaren akatsak aprobetxatu zituen.
Bigarren zatian, etxeko taldeak erreakzionatu egin zuen eta estu hartu zuen Andoni Perez Alvarezen taldea, baina Eibarrek lasaitasunari eutsi zion une erabakigarrietan. Atezaina eta defentsa berriz ere funtsezkoak izan ziren, Aialaren azken bultzadari eutsiz eta etxetik kanpo oso garaipen baliotsua ziurtatuz.
Gauzak horrela, EIbar Eskubaloia lidergoan da, 4 punturekin, beste hiru talderekin berdinduta. “Emaitza honek taldearen konfiantza indartzen du eta liga hasierako sentsazio onak berresten ditu”, klubekoen ustez.
Gizonezkoak lidergoan berdinduta
Eibar Eskubaloiaren gizonezkoen taldeak, bestalde, Lehen Nazional Mailako lidergoa hartu du, Amenabar Zarautzekin berdinduta, Ipuruan Egiari aise irabazi ondoren, 36-27.
Eibartarrek indartsu ekin zioten partidari eta hasieratik erakutsi zuten partida menderatzeko nahia. Oier Arriola bikain aritu zen erasoan, Jon Barruetabeña eta Alex Puenterekin batera, erasoko eraginkortasuna eta erritmoa erakutsiz. Fernando Fernandez Urosak zuzentzen duen taldea oso trinkoa izan zen defentsan eta maila fisiko altuarekin, eta partida hasieratik amaierara kontrolatzeko aukera izan zuen.
Bigarren zatian, Eibarrek exijentzia maila berari eutsi zion, markagailuko aldea handituz eta talde donostiarra aukerarik gabe utziz.