Asteburu borobila izan da SD Eibar-en lehen bi taldeentzat

Gizonezkoek 1-2 irabazi zioten larunbatean Eldense-ri eta emakumezkoek 1-0 atzoko derbian Athletic-i
Asteburu borobila izan da SD Eibar-en lehen bi taldeentzat
2026/09/21 14:13
Ekhi Belar Errasti

Denboraldi hasiera gozo eta itxaropentsua dihardute izaten SD Eibar-en bi talde nagusiek. Gizonezkoek lehenago hasi zuten denboraldia eta, lehen partidan galdu ondoren, hurrengo bostak irabazi egin ditu. Gauzak horrela, sailkapenaren 2. postuan dago 15 punturekin, Castelló liderrarengandik puntu bakarrera, eta hirugarren sailkatuari bi puntu ateratzen dizkio.

Jokin Aranbarrik zuzentzen duen taldeak sasoi ezin hobean dagoela erakutsi zuen larunbatean, Eldan. Jon Magunazelaia eibartarrak ireki zuen markagailua 29. minutuan (gola sartzen duen bigarren partida jarraian izan zen eta dagoeneko iazko zifra berdindu du) eta Ivan Gilek demaseko gola sartu zuen 63. minutuan.

Partidaren azken txanpan, Eldense-k gora egin zuen eta markagailuko aldea murritzea lortu zuen 76. minutuan, baina Eibarrek denboraldi osoan zehar erakutsi duen segurtasunari eutsi zion eta hiru puntuak etxera ekarri zituen.

Hurrengo igandean, irailak 27, Las Palmas hartuko du Ipuruan, 18:30ean. Kanariarrek galdu egin zuten atzokoan eta 10. postuan daude 10 punturekin.

 

Burukada derbia irabazteko

F Ligako SD Eibar-ek denboraldiko lehen derbia jokatu zuen atzo, Ipuruan, Athletic Club-en aurka. Lehen partidetan oso irudi ona eman eta emaitzak lortu arren, aurreko neurketa galdu egin zuen Eibarrek eta Liga oso ondo hasi zuen taldea zuen aurrean.

Eibartarrak, ostera, ez ziren kikildu. Ezta gutxiago ere. Athletic-ek baloiaren jabetza izan zuen eta baita hainbat aukera ere, baina gola etxekoek lortu zuten, Angelesek hain zuzen ere, 57. minutuan, buruz.

Abantaila lortuta, defentsa-lan bikaina egin behar izan zuen Iñaki Goikoetxearen taldeak eta nabarmentzekoa izan zen Anna Wellmann atezainak eta Carla Andres defentsak egindako lana hiru puntuak lortzeko.

Garaipen honekin, Eibar 6. postuan dago orain, 7 punturekin, eta hurrengo partida Sevillaren aurka jokatuko du etxetik kanpo, igandean, 16:00etan.