Asteburu ezin musikalagoa
Eibarko XXIII. Musikaldiaren barruan antolatutako emanaldiak azken txanpan sartu dira eta, astelehen eta martitzenean abesbatza banak kontzertua eman eta gero, asteburu osoan musikarekin gozatzen jarraitzeko aukera izango dugu. Gaur (barixakua, urriak 31) 20.30etan Andres Egiguren Orkestrak eta Ainhoa Franco sopranoak Coliseoan kontzertua emango dute elkarrekin (sarrerak 8 euro). Zati bitan banatuta egongo den egitaraua honako piezek osatzen dute: lehen zatian "Figaroren ezteiak" (obertura, W. A. Mozart), "Donde lieta usci", "La Boheme" (G. Puccini), "Carmen" (suite, G. Bizet), "Comme autrefois dans la nuit", "Les Pêcheurs des Perles" (G. Bizet), "La Traviata" (obertura, G. Verdi), "Bel raggio lusinghier" eta "Semiramide" (G. Rossini) eskainiko dituzte; eta bigarren zatian, berriz, "Semiramide" (obertura, G. Rossini), "Una voce poco fa", "Il Barbiere di Siviglia" (G. Rossini), "IV. mugimendua, 7. sinfonia" (Beethoven) eta "Casta Diva", "Norma" (V. Bellini).
Bihar Aitor Olea Juaristi durangarrak organo kontzertua emango du 20.00etan San Andres elizan (doan), egitarau honi jarraituta: "Praeludium und fuga G-dur BWV 541" (J. S. Bach, 1685-1750), "Pièce héroïque" (César Franck, 1822-1890), "Praeludium und fuge über B.A.C.H." (Franz Liszt, 1811-1886) eta "Prelude et fugue sur le nom D'Alain" (Maurice Duruflé).
Eta domekan, 12.30etan Usartza txistulari bandak Molto Vivace metal boskoteak, Harituz soka laukoteak eta Isabel Laspiur pianistak lagunduta Coliseoan emango duen ganbera kontzertuak agurtuko du Musikaldia. Elena Perezek zuzenduko duen emanaldian egitarau honi jarraituko diote: "Aitona" (J. A. Erauzkin, txistu banda), "Bi doinu koxkor" (Kandido Albistur, txistu-piano), "Sokamutila" (J. L. Franzesena, txistu-piano), "Artzain Kantak" (Eusebio Basurko, txistu bakarlaria), "Ana Mari" (Isidro Ansorena, txistu-piano), "Mari Anboto" (J. L. Franzesena, txistu-piano), "Kulunka" (Javier ituarte, txistu-hari laukote), "Idazmakina" (L. Andersen, txistu-metal), "Jolasune" (Javier Ituarte, txistu-metal boskote) eta "Txapela Buruan" (Carlos Sanchez Ekiza, txistu-metal boskote-perkusioa).