Asteburuan, partida ugari izango dituzte Eibarko pilotariek
Club Deportivo Eibarko pilotariek asteburu betea izango dute. Eskuz banakako eta binakako txapelketetako partidak jokatuko dituzte, eta etxeko jaialdia ere izango da Astelena frontoian, gaur ostirala, 18:00etatik aurrera.
Eskuz banakako txapelketan, bost pilotari eibartar ariko dira lehian: Andonegi Etxaberen aurka, Amillategi Alegiko Leonen kontra, Gisasola Zaldibiako Mendizabalen aurka, Amuategi Ataungo Alzuaren kontra eta Conde Tolosako Landaren aurka. Jaialdiko azken partidan, paleta gomako binakako promozio mailan, Soria eta Guinea eibartarrek Errenteriako EPLE 1 bikotearen aurka jokatuko dute.
Etxetik kanpoko jardunaldia ostegunean hasi zen. Azaroaren 26an, Del Reyk Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatu zuen Lizarralderen aurka. Ostiralean, Ibarra Urrestillako Txikuri pilotalekuan ariko da, Iturralderen kontra.
Larunbatean, bi hitzordu izango dituzte pilotariek. Goizean, Eibar taldeak Behar Zana izango du aurkari Villabonan, Alkain Sariko kadete mailako eskuz binakako lehian. Arratsaldean, berriz, Eibarko bikoteak Narvaiza eta Aguirresarobe izango ditu aurkari Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan, Negua txapelketan.
Igandean amaituko da jardunaldia Tolosako Beotibar pilotalekuan. 10:00etan, Agote Gonzalezen aurka ariko da, eta, ondoren, Saezek Ardibideren aurka jokatuko du, eskuz banakako txapelketan.

