Astelehenean hasiko dira El Casco eraisten eta lanak prestatzeko itxi dute gaur kalea
2021/03/12
18:47
eta kitto!
Gaur goizean Blas Etxebarria kalearen zati bat itxita egon da, El Casco eraikinetik amiantoa kentzen aritu direlako. Horren berri ematen zuten kartelak ikusita, hainbat herritarren artean kezka sortu dela jakin dute Udalean eta, jendea lasaitzeko, honakoa argitu nahi dute: astelehenean hasiko diren El Casco eraikinaren eraisketarako prestatzen aritu direlako itxi dute kalea. Izan ere, eraisteko lanen ardura duen enpresak bazekien eraikineko zorrotenetako batean amiantoa zegoela, obraren plangintza egitean agertu zelako. Azaldutakoaren arabera, material hori kentzeko protokolo berezia jarraitu behar izaten da eta, ipinitako seinaleak, aurreikusita zeuden segurtasun eta prebentzio neurriei jarraituta ipini dituztela argitu nahi dute. Gaineratu dutenez, “beraz, jarduera guztiz kontrolatuta dago eta ez du herritarren osasuna kaltetzen”.