Astelehenetik aurrera trafikoa aldatuko da Amaña-Legarren
2015/04/25
00:00
eta kitto!
Udalak aditzera eman duenez, astelehenetik (hilaren 27tik) aurrera hainbat aldaketa izango ditu trafikoak Amaña-Legarren, inguru hori urbanizatzeko eta asfaltatzeko beharren eraginez: Trenbide gaina estaltzeko egin behar diren lanak direla eta, Torrekuatik Amañarako bidea itxita egongo da apirilaren 27tik maiatzaren 8ra bitartean (egun bi horiek barne). Beraz, Amañara joateko saihesbidea hartu beharko da; horrez gain, Legarre kalea asfaltatzen ibiliko direnez, lanak amaitu arte Arratebide kaleak norantza bi izango ditu eta kale horretako toki batzuetan ezin izango da aparkatu; San Andres zaharren egoitzaren azpian dauden garajeetarako sarbidea itxita egongo da astelehen goizeko 08.00etatik (hilaren 27tik) martitzen iluntzeko 20.00ak arte (hilaren 28ra arte); Egogain gerontologia zentrura sartu eta irtetzeko Amaña kaletik joan beharko da astelehen goizeko 08.00etatik (hilaren 27tik) martitzen iluntzeko 20.00ak arte (hilaren 28ra arte); Arratebideko etxe berrietako garajeetara San Andres pasealekutik sartu beharko da martitzen eta eguaztenean (hilaren 27an eta 28an); Legarre kaleko 8. zenbakiko garajera Amaña kaletik sartu eta irtengo dira astelehen eta martitzenean (hilaren 27an eta 28an). Eta hilaren 29an (eguaztenean) garajerako bidea guztiz itxi egingo dute (egun horretan ezin izango da ez hara sartu ez handik irten).