Atlas Copco enpresa suediarrak ABC Compressors erosi du
ABC Compressors enpresa eibartarraren langileek atzo jakin zutenez, Atlas Copco Group enpresa suediarrak ABC-ren akzioen %100a erosi du, nahiz eta erosketa prezioa ez duten ezagutarazi.
Guztira 319 langile ditu ABC-k eta, langileek esan digutenez, ez da aldaketarik egongo euren lan-baldintzei eta eginkizunei dagokienez, eta ABC-ren markari eutsiko diote momentuz.
82 urteko ibilbidea
ABC Compressors 1943an sortu zen Eibarren. Enpresak muntaketa unitate bat ere badu Suzhoun (Txina) eta salmenta bulegoak Indian, AEBn eta Mexikon.
Enpresak gas eta aire konpresiorako konpresore alternatiboak ekoizten ditu, hainbat bezero segmentu eta aplikaziotan erabiltzen direnak. “Pozik gaude ABC Compressors Atlas Copco Taldera ongi etorria emateaz. Erosketa honekin teknologia berritzaile bat gehitzen dugu, gas eta aire konpresioaren barruan gure eskaintza hobetuko duena”, esan zuen Philippe Ernensek, Atlas Copco Groupen Konpresore Teknikaren Negozio Arloko presidenteak.