[ATZERA BEGIRA] Debabarreneko enpresek ingurumenaren aldeko hitzarmena sinatu dute

[ATZERA BEGIRA] Debabarreneko enpresek ingurumenaren aldeko hitzarmena sinatu dute
2023/09/23 17:39
eta kitto!
Orain dela urtebe argitaratutako albistea

Asteklima Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearekin batera, Debabarreneko udalek, Debegesaren eskutik, eskualdeko industria-enpresen ingurumen-jardunbide egokiak balioesteko ekimena abiatu dute. Ekimen horretan, orain arte, eskualdeko hamahiru industria-enpresak hartu dute parte: ABC Compressors, Bronymec, Danobat, EPC, Gráficas Juaristi, Hervel, HRE Automation, Schaeffler Iberia, Naberan Sareak, ScrapAd, Ascensores Beltran, SITAB eta Grupo Unceta.

Asteklima-etakitto


Enpresek beraien jardunbide egokiak partekatu dituzte bideo eta laburpen-fitxen bidez eta horiek, Debegesaren web orrian (www.debegesa.eus) ipini dituzte eskuragarri. Partekatzen diren ingurumen-jardueren artean, honako hauek nabarmentzen dira: produktuen eta zerbitzuen ekodiseinua, energia-eraginkortasuna, energia berriztagarriei eta industria-prozesuetako hondakinen balorizazioa.

Ekodiseinuaren kasuan, besteak beste, ekodiseinuaren ziurtagiriak, fabrikazio gehigarriaren edo serbitizazioaren esperientziak aurki ditzakegu. Energiari dagokionez, berriz, energiari buruzko ISO 50.001 ziurtagiriak, energia berriztagarrien instalazioak, argiztapena ordeztea, produktuak eta zerbitzuak garraiatzeko leku gutxiago behar izatea, txandakako konpresoreak etab. dira nabarmentzekoak. Era berean, aipagarria da Garapen Iraunkorreko Helburuen bitartez zabalduko diren 2030eko Agenda Estrategia duten enpresa asko daudela.

2.139 tona CO2 saihestu dira

Enpresa guztien praktikak kontuan hartuta, CO2 emisioak 2.139 tona murriztuko direla kalkulatu dute. Hau da, urtean 2.139 familiak isurtzen dutenaren parekoa. Edo, beste modu batera esanda, saihestu diren CO2 emisio horiek guztiak xurgatzeko, 37,50 hektarea baso misto beharko lirateke.

Ekimena irekia da eta eskualdeko ahalik eta enpresa gehienek beraien ekarpena egitea espero du Debegesak: “Ekimen honi esker, Debabarreneko industria-sektorea sektore aurreratua eta ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin konprometitua dagoela erakustea da helburua. Jardunbide egokia partekatu nahi duten enpresak Debegesarekin harremanetan jar daitezke 943 82 01 10 telefonora deituta”.