[ATZERA BEGIRA] Erabiltzen ez diren eraikin industrialak botatzeko dirulaguntza emango du Udalak
Industria-eraikinak eraisteko dirulaguntza deialdia aurkeztu du Udalak eta 150.000 euroko partida bideratu du horretarako, nahiz eta aurrekontua handitu daitekeen, eskaera badago. Eraikinak eraisteko eskera bakoitzeko 40.000 euro emango ditu gehienez, eraikina botatzeko beharrezkoak diren kostuen %35 emanez.
Dirulaguntza jaso ahal izateko, eraikinek 30 urtetik gorako antzinatasuna izan behar dute, ez dute inolako ondare-babesik izan behar eta gutxienez 5 urtez erabilerarik gabe egon behar izan dira.
Udalaren asmoa egun erabilerarik eta jarduerarik ez duten eraikin industrialek okupatutako espazioak leheneratzea da, “horrela hirian tokia irabaziz eta higiezin horien abandonu-egoera areagotzea saihestuz", Jon Iraola alkatearen berbetan.
Eskabideak aurkezteko epea irekita dago eta azaroaren 25ean amaituko da. Interesdunek eskabideak egin ahal izango dituzte bai presentzialki Pegoran, bai elektronikoki www.eibar.eus udal-webgunean, bai administrazio publikoetako erregistroetan.