Aurtengo Itzulia Basque Countryaren ibilbidea aurkeztu dute gaur Gasteizen
Lasterketaren 64. edizioa aurkeztu dute gaurkoan Gasteizen, lehenengo etapa hasi eta amaituko den hiriburuan. Aurtengo Itzulia erlojupeko batekin hasiko da eta, astelehenetik zapatura arte, sei etapak batuta 870 kilometro izango ditu. Apirilaren 7an hasi eta 12an amaituko den lasterketak guztira 23 mendate puntuagarri izango ditu, tartean 1. mailako lau, euretako hiru Eibarren hasi eta amaituko den azken etapan.
Lehenengo etapa Buesa Arenatik abiatuko da eta Gasteizen bertan amaituko, 18 kilometroko erlojupekoan jokatzeko. Bigarren etapak Iruñatik Lodosara eramango du tropela, 200 kilometroko etapa luzeenean. Hirugarren etapa Zarautzen hasi eta Beasaineraino joango da, tartean 156 kilometroko ibilbidea osatzeko. Laugarrenak Beasain eta Markina-Xemein lotuko ditu, 170 kilometroko tarte horretan etapa erabakiko duen Ixuako gaina eginez. Bosgarren etapak Urduñan izango du irteera eta Gernikan helmuga, beste 172 kilometro osatu ondoren. Eta seigarren eta azken etapak azken edizioetako ohiko bidetik joko du, Eibarren hasi eta amaitzeko 153 kilometroko ibilbidea egin eta gero. Etapa bizia izango da oso, hasi eta berehala Krabelineko igoera latzari ekingo diotelako eta, zalantzarik gabe, bertan erabakiko da aurtengo irabazlea ere.