Aurtengo San Andres bertso-jaialdia berriztuta dator
Aldaketekin etorriko da aurten San Andres bertso-jaialdia: egun eta formato ezberdina izango ditu. Azkeneko urteetan San Andres aurreko barixakuan antolatu izan du …eta kitto!-k jaialdia, eta aurten, domekan izango da, azaroaren 25ean, arratsaldeko 18.30etatik aurrera. Hori bai, ez du lekuz aldatuko, Portaleko areto nagusian izango da-eta. Formatoak ere badu berritasunik. Bertso-jaialdian bertsolariek jardungo dute, baina musikak lagunduta. Arkaitz Estiballes, Beñat Gaztelumendi, Uxue Alberdi eta Alaia Martin bertsolarien bertsoei, Ixak Arrutik (gitarra) eta Eneko Sierrak (saxoa) musika jarriko diete. Bertso-saioa hasi aurretik, San Andres bertso-paper lehiaketako sariak banatuko dira. Sarrerak datorren astelehenean, azaroak 12, jarriko dira salgai 5 eurotan Sagar-Bitza, Kultu eta Deporren.