Avanza (Pesa) enpresako langileek bost greba egun iragarri dituzte abendurako

Bihar eguerdian manifestazioa egingo dute Eibarren
Avanza (Pesa) enpresako langileek bost greba egun iragarri dituzte abendurako
2024/12/04 10:44
eta kitto!

Gaur, abenduaren 4ko 22:00etan hasi eta abenduan bost egunez, greba egingo dute Avanza (Pesa) enpresako langileek, zehazki, abenduaren 5ean, 9an, 20an, 21ean eta 22an. Greba egiteaz gainera, egun horietan mobilizazioak egingo dituzte, besteak beste, bihar eguerdian, manifestazioa Eibarren. ELA sindikatutik salatu dutenez, azaroan ere greba egin arren, enpresak ez du langile batzordearengana gerturatzeko asmorik erakutsi eta horregatik egingo dituzte greba gehiago.

Datozen egunotan, greba egingo dute Avanzako langileek, enpresaren jarrera egoera aldatzen ez bada, behintzat. ELA sindikatutik diotenez, azaroan hiru egunetako greba egin arren, enpresak ez du langile batzordearengana gerturatzeko asmorik erakutsi eta abenduan, beste bost egunetan egingo dute greba: abenduaren 5ean, 9an, 20an, 21ean eta 22an. 

Berez, langileek lanari lagako diote greba egunaren bezperako 22:00etan hasi eta greba egunaren goizaldeko 02:00ak arte. Biharko kasuan, gaur abenduak 4, 22:00etan ya greban hasiko dira eta abenduaren 6ko 02:00ak arte egingo dute greba. Horrela izango da lehenago iragarritako egun guztietan.

 

Mobilizazioak

ELAtik jakinarazi dutenez, greba egiteaz batera, mobilizazioak egingo dituzte egun horietan, honakoak: 

  • Abenduaren 5
    12:00 Manifestazioa Eibarren
    16:00 Elkarretaratzea Gasteizko autobus geltokian
  • Abenduaren 9
    11:00 Elkarretaratzea Donostiako autobus geltokian
    11:30 Foru Aldundira irteera
    12:00 Elkarretaratzea Foru Aldundian
  • Abenduaren 20
    12:00 Elkarretaratzea Bilboko Autobus Geltokian
  • Abenduaren 21
    12:00 Auto karabana Donostian
  • Abenduaren 22
    12:00 Manifestazioa Arrasaten

Avanzako Enpresa Batzordea 14 ordezkari sindikalek osatzen dute, 6 ELA, 6 UGT, 1 LAB eta 1 AURRERA. Langileak guztien adostasunarekin ari dira protestak egiten.