AYA-ko langileek greba egingo dute, “enpresak inposatutako erabakiak” indargabetzea eskatzeko
Uztailaren 7an egindako batzarrean erabaki zuten langileek mobilizatzeko deia egitea, gehiengo absolutuz mobilizazio proposamenaren aldeko botoa eman eta gero. Horrela, “enpresak aldebakarrez hartutako eta inposatutako erabakiak indargabetzea” lortu nahi dute, diotenez “erabaki horien helburua plantilla zatitzea eta oinarrizko eskubide sindikalak urratzea” dela gaineratuta. Horrekin batera, “errepresio sindikala eta langileenganakoa” amaitzea nahi dute.
Sindikatutik adierazi dutenez, “orain arte, enpresak ez du negoziatzeko asmorik erakutsi, eta ez da bildu nahi izan gai horiek AYA enpresako langileen legezko ordezkariekin aztertzeko. Horregatik guztiagatik, LABek bat egiten du langileek mobilizazioekin hasteko erabakiarekin, adostasuna lortu eta egoera birbideratu ahal izateko”.