Azaroaren 30ekoa greba bat baino askoz ere gehiago izango da
Ez da ohiko greba bat izango. “Greba orokor feminista izango da”, esan digute Eibarko Greba Batzordekoek. “Horrek esan nahi duena da, aldarrikapena zaintza eredua aldatzea den arren, gizarteko sektore guztiak daudela deituta grebara, bai gizonak bai emakumeak”, zehazten dute. “Hala ere, ulertzen dugu gizonek eta emakumeek posizio ezberdinetatik hartu beharko dutela parte greba honetan. Oraindik ere, emakumeok dugulako zaintzaren zama handiena”.
Aurreko greba feministetan, kontsumo eta enplegu greba gainditu, eta mahai gainean jarri zuten zaintza greba ere. “Eta oraingoan ere, ehun produktibotzat hartzen dena gelditzea ez ezik, grebak zaintza esparru osoa problematizatzea eta berrantolatzea ere izango du helburu”, diote batzordekoek.
Argi dute, bestalde, gauza garrantzitsu bat: “Greba honen protagonista haundienetako batzuk direnak, zaintzaileak, izango dira hain zuzen ere greba egin ezin izango dutenak. Beraz, eurekin bat egin nahiko genuke”.
Epe luzeko erronka
Batzordekoen berbetan, “grebaren helburua grebaz haratago doa”. Hau hasiera besterik ez da, gaia azaleratzea. “Bizi dugun egoera eskaparatean jarri nahi dugu, denoi dagokigulako eta denon artean irauli behar dugulako”, zehazten dute. Aipatu bezala, emakumeek hartzen dute bere gain zaintzaren zama handiena eta, beraz, “guk egin behar dugu aldarrikapen hori eta gu izan behar gara protagonista”, euren ustez, “baina gizarte osoaren arazoa denez, guztioi dagokigu hausnartu eta bide bat egin aldaketak lortzeko”.
Greba Batzordekoek dioten bezala, “honek ez du atzera bueltarik”, eta hau guztia epe luzeko erronka bat da. Horregatik, euren helburua ez da azaroaren 30eko greba aurrera ateratzea bakarrik, baizik eta epe luzeko borroka bati bide ematea. “Greba inflexio puntua izan dadila nahi dugu”, euren berbetan.
Lehen mugarria greba izango bada ere, horren ondoren Euskal Herri osoan egingo diren herri-akordioei emango zaie bidea. “Herri-akordioen bitartez zaintza sistema eraldatu nahi dugu. Gaur egungo zaintza sistema baldintza prekarizatu eta ikusezinetan gertatzen da, eta emakumeak dira ardatz nagusia”, azaldu digute.
Festa ala zaintza?
Eibarko Greba Batzordeko kideak irailaren amaieran hasi ziren biltzen. Hasieran bilera ez mistoak egin zituzten, eta urriaren erdialdeaz geroztik bilera mistoekin hasi ziren. “Bilera irekiak izan dira hasieratik eta 20 lagun inguru elkartzen gara normalean”, aipatu digute. Eguenero (18:00etan) elkartzen dira Andretxean eta greba eguna iritsi arte berdin jarraituko dute. “Beraz, parte hartu nahi duenak irekita aurkituko ditu ateak”, diote.
Hilabete hauetan grebaren inguruan hausnartzen eta ekintzak prestatzen ibili dira, baina oraindik gauza batzuk zehazteko dituzte. Izan ere, greba eguna azaroaren 30ean izanik, San Andres egunean, ez dakite herrian ekintzarik egingo den ala ez. “Eibarren asko konplikatzen da greba egunak jaiegunarekin bat egiten duelako. Udaleko ordezkari batzuekin bilera izan ondoren, bazirudien bazegoela jaia egunez aldatzeko aukera. Hau da, jaien inguruko egitaraua asteburuan egitea eta 30ean greba egitea. Azkenean, ez dakigu ondo zergatik, Udaletik ez dute bide hori eraman eta, ikusi duzuen moduan, urriaren 30eko Udal Batzarrean alkateari zuzenean ‘azaroaren 30ean: festa ala zaintza?’ galdetu zitzaion, eta bere erantzuna zera izan zen: hurrengo galdera. Orduan, galdera bera egiten dugu orain. Eskertuko genuke norabide aldaketa bat balego. Ez dugu erraza ikusten, baina hemen gaude berriz ere hitz egiteko eta gauzak beste modu batean egiteko”, diote Eibarko Greba Batzordekoek.
Jakitun dira eibartarrontzat garrantzitsua dela San Andres eguna ospatzea. Horregatik, ospatuko dutela diote, “baina beste data batean”. Era berean, greba egunaren garrantzia azpimarratzen dute. “Ez da ohiko eguna izango, Euskal Herri osoan egingo da zaintza greba, eta Eibarren demaseko potentziala dugu, feminista asko dago, eta gizarte bezala dugun erronka da. Eibartar guztiok dugu egiteko zerbait eta zentzu horretan eragileen papera azpimarratu nahiko genuke. Festa horretan parte hartzen duten eragileek gurekin bat egitea gustatuko litzaiguke eta kontuan izatea azaroaren 30a egun garrantzitsua dela”.
Martitzenean egon ginen Greba Batzordekoekin eta eguaztenean Jon Iraola Eibarko alkateak Radio Eibarren egin zuen berba greba egunari buruz. Bertan aipatu zuen oraindik ez zekitela San Andres egunean ekintzak egingo ziren ala ez, eta Greba Batzordearen eskaerak aztertuko zituztela