Azitaingo bihurguneak berritzeko lanak lizitatuko dituzte hilabete honetan

1,4 milioi euroko aurrekontua dute obrek, eta sei hilabeteko iraupena izango dute. Bide segurtasuna eta industrialderako sarbideak hobetzea da asmoa.
Azitaingo bihurguneak berritzeko lanak lizitatuko dituzte hilabete honetan
2026/11/09 10:42
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak iragarri du Azitaingo bihurguneak hobetzeko lanak egingo direla, inguruko bide-segurtasuna eta industrialderako sarbideak hobetzeko. Proiektuak 1.417.709,47 euroko aurrekontua du, BEZa barne, eta sei hilabeteko iraupena izango du. Udalak jakinarazi duenez, proiektuaren memoria idazten ari dira, eta lanak azaroan aterako dituzte lizitaziora.

Azitaingo bihurguneak trafiko handiko eremuan daude, eta ibilgailu astunen joan-etorria handia da bertan. N-634 errepidea, industrialderako sarbideak eta AP-8 autobideko Maltzagako lotunea elkartzen dira inguru horretan.

Jon Iraola alkateak adierazi du esku-hartzearen helburua dela bide-segurtasuna eta mugikortasuna hobetzea, baita industrialdeko jarduera indartzea ere. Trafiko eta Mugikortasun Saileko zinegotzi Alberto de la Hozek, berriz, azaldu du industrialdeko enpresek aspalditik eskatu dituztela lanak. Gainera, garraio publikoaren zerbitzua indartzeko lanean ari direla esan du.

Beste 910.000 euro sarbideak hobetzeko

Udalak beste 910.000 euro esleitu ditu Azitaingo industrialdeko ibilgailuentzako eta oinezkoentzako sarbideak hobetzeko. Dirua LJE Lehentasunez Jarduteko Eremuak funtsetatik jasoko dute. Jarduketa horren bidez, industrialderako irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea da asmoa.