Zapatu honetan Go!azen musikaleko bi saio eskainiko dituzte

Azken sarrerak eskuragarri daude ohiko salmenta-guneetan eta web-orrian
Zapatu honetan Go!azen musikaleko bi saio eskainiko dituzte
2025/01/20 17:13
eta kitto!

Go!azen musikala —ETBko telesail ezaguna— Coliseo antzokira etorriko da zapatuan, hilak 25, eta bi saio eskainiko ditu:  lehenengoa 17:00etan eta bigarrena 19:00etan. Sarreren salmenta oso arrakastatsua izan da, eta antolatzaileek jendea animatzen dute azken sarrerak lehenbailehen eskuratzera.

Andoni Zabala Kulturako zinegotziak halako ekitaldi baten garrantzia azpimarratu du: “Goazen ikuskizuna Eibarrera ekartzea mota guztietako publikoarentzat erakargarriak izango diren kultur edukiak eskaintzeko dugun konpromisoaren adibide bat da. Horrelako ikuskizunek euskararen bidez gure kultura-nortasuna sendotzeaz gain, aukera ematen digute musikaz, dantzaz eta emozioez gozatzeko”. 

Musikalak, telesailaren espirituari jarraituz, bateratu egiten ditu musika eta narrazioa, eta elkarbizitzan eta harreman pertsonaletan jartzen du arreta. Ikuskizunak proposamen zaindu bat eskaintzen du, bai telesaioaren bai haren antzerki-moldaketen kalitate artistikoa mantenduz.

Zabalak, halaber, gazteengan duen inpaktua azpimarratu du: “Goazenek belaunaldi berriekin konektatu, eta entretenimendua balioekin eta mezu positibo batekin konbinatzen du. Pozten gaitu ikusteak halako ikuskizunek duten erantzun positiboa”.

Zapatuko bi funtzioetarako sarrera guztiak salduta daude ia, eta aurreikusten da Coliseo antzokia betetzea Goazen musikalaz disfrutatzeko. Azken sarrerak eskuragarri daude ohiko salmenta-guneetan eta web-orrian.