«Badago alternatiba! Taupada atzerakoiari Euskal Herrian aurre egin» ikastaroa hartuko du UEUk ostiralean

Taupada atzerakoia zer den definituko dute eta indartzeko baldintzak zeintzuk izan diren aztertuko dute ekainaren 13an Markeskuan.
«Badago alternatiba! Taupada atzerakoiari Euskal Herrian aurre egin» ikastaroa hartuko du UEUk ostiralean
2025/06/09 17:17
eta kitto!

UEUk eta Iratzar Fundazioak elkarlanean «Badago alternatiba! Taupada atzerakoiari Euskal Herrian aurre egin» ikastaroa antolatu dute. Ekainaren 13an izango da Eibarko Markeskua Jauregian.

Mundu-mailan eskuin-muturra geroz eta gehiago indartzen ari da eta olatu atzerakoiaz hitz egiten hasiak gara. Hala ere, bada halakorik Euskal Herrian? Lehenik eta behin, taupada atzerakoia zer den definituko dute eta indartzeko baldintzak zeintzuk izan diren aztertuko dute. Ondoren, ideien lehiarako dituzten tresnei erreparatuko diete eta euskal gizartea nola eraldatu gogoetatuko dute. Eta, azkenik, taupada atzerakoiari aurre egiteko marko komunikatiboen inguruan arituko dira.

Goizekoa bi mahai-ingururen bueltan antolatutako eztabaida eta hausnarketa izango da. Arratsaldean, berriz, Iratzar Fundazioak dinamizaturiko tailerra egingo dute.Tailerraren helburuak izango dira olatu atzerakoiaren diagnostikoa egitea; ideien borroka Euskal Herrian nola egiten ari den aztertzea, aurre egiteko estrategiak eta bataila ideologikoa pentsatzea eta diseinatzea.

Beste lagun batzuen artean, Ainhoa Ozaeta, Nikole Ziarrusta, Iñigo Martinez, Iñaki Soto, Goizeder Taberna eta Maialen Arteaga izango dira tailerrean parte hartuko dutenak.

Egitarau osoa hemen ikus daiteke