Badator Euskaraz Bizi Nahi Dut azoka!
Gure herrian euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko Euskaraz Bizi Nahi Dut azoka egingo da Untzagan irailaren 20an, 11.00etan hasi eta 14.30ak bitartean, gaur arratsaldean (irailak 11, eguena) Arrate Kultur Elkartean prentsaurrekoan azaldu duteez. Aurreko edizioetan egindakoaren bidetik, azokan "Eibarren euskara ikastea, praktikatzea eta euskaraz bizitzea eta gozatzea errazten eta laguntzen duten egitasmoak plazaratuko direla" aurreratu dute antolatzaileek. Ekintza nagusia azoka bera izango bada ere, aurten berrikuntza garrantzitsua gehitu diote egitarauari: "Azokaren aitzakiarekin, 13.00ean eta 13.30etan flashmob-a egingo da Esne Beltzaren Euskaraz Bizi Nahi dut abestiarekin eta jendea pausoak ikasi eta parte hartzera animatu nahi dugu". Horretarako, Youtubera Euskaraz bizi nahi dut pausoak izenburukoa igo dute. Horrekin batera, gauerako bertso musikatuen saioa prestatu dute Hankamotxak bertso eskolakoek (22.30etan Txaltxa Zelaian). Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Beñat Gaztelumendi, Jokin Labayen eta Manex Mujika bertsolariekin batera Ixak Arruti eta Antton Aranburu gitarrajoleek jardungo dute eta gai-jartzailea Haritz Casabal izango da. Bestalde, nahi duenak Euskaraz Bizi Nahi Dut kamiseta erosteko aukera izango du, Klub Deportiboan (irailaren 15ean,17an eta 18an, 19.00etatik 20.30etara) eta egunean bertan Untzagan.