Barakaldo kalea eta Estaziño-Azitain pasealekua lotuko dituen igogailua 1.449.369,69 eurotan adjudikatu da
Barakaldo kalea eta Estaziño-Azitain pasealekua lotuko dituen igogailuaren eraikuntza-lanak CONSTRUCCIONES ZUBIEDER SL enpresari adjudikatu zaizkio 1.449.369,69 eurotan.
Udaletik azaldu dutenez, "igogailu berri hau Barakaldo kaleko 29 zenbakiaren inguruan kokatuko da, Hijos de Gabilondo eraikineko orubearen hasieran. Jada Udalarena den orube horretan hasita daude eraispen partzialeko lanak egiten, eta, amaitutakoan, inguru guztia berrurbanizatu eta birnaturalizatu egingo da".
Lanak egiteko epea 13 hilabetekoa izango da eta espero da uztailaren hasieran hastea. Obren %50 Euskal Trenbide Sareak finantzatuko duela adierazi dute.
Proiektu honen bidez, Udalak hobetu egin nahi du Barakaldo kalearen eta trenbide gaineko pasealekuaren arteko konexioa. Horrez gain, aprobetxatu egingo da Barakaldo kaleko igogailuaren sarrera hobetzeko. “Egitasmo hauek konektibitatearen eta irisgarritasunaren hobekuntzaz harago doaz; ingurunea berrurbanizatzeko apustu sendo bat dira eta baita funtsezko hobekuntzak ere gure herritarren ongizaterako eta ingurune atseginago bat sortzeko”, esan du Jon Iraola Eibarko alkateak.
Bestalde, “Hijos de Gabilondo” eraikinaren eraiste partzialaren lanak erritmo onean doazela esan dute Udaletik. "Aurreikusitako jarduketan, eraitsi egingo dira enpresaren alboetan gerora egin ziren handitzeak, eta, eraikinaren jatorrizko konfigurazioari eutsiko zaio. Era horretan, Udalak lortuko du espaloia zabaltzea, aparkatzeko gune bat sortzea, funtzio anitzeko espazioak izatea eta auzoari aisialdirako tokiak eskaintzea", diote.