Barixaku gauean erosketak egiteko aukera izango da
Eibarko 70 denda eta tabernak hartuko dute parte barixakuan (hilaren 18an) lehenengoz egingo den Shopping Night (Erosketa Gaua) delakoan. Eibar Merkataritza Gune Irekiak antolatu duen ekimenean ohiko ordutegitik kanpora, 30 bat denda 21.00etatik 23.00etara zabalik egongo dira, nahi duenak erosketak egiteko aukera izan dezan eta, horrekin batera, kale animazioa, musika eta beste jarduera batzuk egingo dira. Ekimenarekin bat egin duten dendek alfonbra gorria ipiniko dute, jendeak identifikatu ditzan eta, gainera, bezeroei mokadutxoa eskainiko diete. Barixaku gauean zabalduko dituzten dendak Burbujas y más, K-moda, Lahidalga, Doroti, Guby Mujer, Katetxo, Pissa, Distrito 21, Gozoki, Itxesi, Valenciaga, Gratzina, Mabe, Guby, Quetzal, Jerónimo, Ikusimakusi, Benetton, Lide, Ttiki, Xare, Cedry, Igmar, Nona, Marrodán, X-trem, Tribeka, Leder, Vieco, De Capricho eta El Corte Ingles dira. Bertan erosten dutenen artean erosketa-txartelak zozketatuko dituzte. El Corte Inglesak, bestalde, Toribio Etxebarriako dendan dantza ikuskizuna eskainiko du, 23.00ak arte erosketa-txartelak eta deskontu-baleak zozketatuko ditu, photocall-a egongo da eta txanpain kopa emango die bezeroei.
Ekimenarekin bat egin duten 40 tabernatan (globoekin apainduko dituzte), berriz, 21.00etatik 23.00etara kanape edo antzerakoa emango dute. Eta kaleak girotzeko, Lekeitioko Deabruak taldeak kale-antzerkia eta piroteknia batzen dituen kale-ikuskizuna eskainiko du eta, horrekin batera, elektrotxaranga bat kalejiran ibiliko da.