Barixakuan dantza izango da protagonista Eibarren

Herriko dantza taldeek Eibarko kaleak hartuko dituzte, adin eta estilo guztietako dantzarien parte-hartzearekin, bosgarren urtez jarraian ospatuko den jardunaldian.
Barixakuan dantza izango da protagonista Eibarren
2026/04/21 17:10
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibar musikaz, mugimenduz eta adierazpen artistikoz beteko da barixaku honetan, apirilaren 24an, Dantzaren Nazioarteko Eguna dela-eta egingo den jardunaldian. Eibarko Udalak herriko Kezka Dantza Taldea, KAXA, KOA Dantza, Pagatxa, Ballet Eibarrés eta Eibarko Dantza Eskola eskolekin elkarlanean antolatu du ekimena, eta aurten bosgarren urtez jarraian ospatuko da egitasmoa.

Gaur egin den prentsaurrekoan aurkeztu dute jardunaldia Udaleko ordezkariek eta herriko dantza-taldeetako kideek. Azaldu dutenez, ekimenaren helburua da dantza herritarrengana hurbiltzea eta urte osoan herriko taldeek egiten duten lana ezagutaraztea, Eibarko dantza eszenaren aniztasuna eta indarra erakutsita.

Jardunaldia arratsaldean zehar egingo da herriko hainbat gunetan. Hasiera 17:30ean izango da Ipuruan eta Urkizun; 18:00etan Legarre eta Errebal izango dira agertoki, eta 18:40ean Untzagan elkartuko dira talde guztiak, emanaldi bateratuarekin.

Estitxu Prado (Pagatxa, Estidantza, Aire Andaluz eta Jubilatuak) oso modu argian mintzatu da dantzaren balioaz, azpimarratuz “bizipoz handia” ematen duela eta askorentzat eguneroko kezketatik deskonektatzeko bidea dela. Bere hitzetan, jende asko hurbiltzen da hasieran “ez dakitela dantzan” esanez, baina gero ikusten dute denek dutela beren modura adierazteko gaitasuna. “Dantza ez da ondo edo gaizki egiten den zerbait; denontzat da”, adierazi du, eta gehitu du egun hau bereziki esanguratsua dela, herriko talde guztiak elkartzen direlako beren pasioa partekatzeko.

Marta Prolen (KAXA) esanetan, egun berezia da, ikasturte osoan zehar talde bakoitzak bere bidea egiten badu ere, dantza beti “taldean eta partekatuta” bizi den artea delako. Horregatik, “oso pozik” agertu da ekimena aurrera ateratzeagatik, eta azpimarratu du garrantzitsua dela taldeek elkar ikustea eta elkarri laguntzea, halako topaketek balio berezia dutelako.

KOA Dantzako Ibone Garciak ere hartuko du parte jardunaldian, Urkizutik Errebalera eta ondoren Untzagan batuz gainerako taldeekin.

Eibarko Dantza Eskolako Jakobe Urzainekik umeen eta dantzaren arteko harremana nabarmendu du, azalduz emozioak nola bizi eta kudeatzen dituzten ikustea oso aberasgarria dela, eta Untzagan egiten duten lana “ikaragarria” dela, bai fisikoki bai emozionalki.

Ballet Eibarréseko Pili Alonsok adierazi du Ipuruan, Egogainen eta Untzagan egingo dituztela emanaldiak, eta eguna “gozatzeko eta ondo pasatzeko” eguna dela nabarmendu du.

Kubatzariko Ivan Rodríguezek, bere aldetik, azaldu du Urkizun hasiko dutela ibilbidea, gero Errebalera joango direla eta Untzagan amaituko dutela. Eskerrak eman dizkio Udalari ekimenagatik, eta azpimarratu du dantzan ondo aritzea ez dela teknika perfektua izatea, baizik eta gogoa izatea. Gainera, gehitu du ekimen honek zuzenean egiten diola aurre dantzaren “etsai nagusietako bati: lotsari”.

Amaitzeko, Kezka Dantza Taldeako Jokin Hazasek emango dio hasiera Untzagako ekitaldiari. Haren esanetan, garrantzitsuena gogoa da, eta ez hainbeste perfekzioa: “Dantza ondo edo gaizki egin, behar dena gogoa da”. Halaber, azpimarratu du ederra dela hainbeste estilo eta adin ezberdinetako dantzariak elkarrekin ikustea, txikietatik hasi eta jubilatuetara, baita aspaldian dantzan aritu eta berriz itzuli direnak ere.

Eguna amaitzeko, herri-erromeria egingo da Begi Bide taldearen eskutik, Untzagan, dantza protagonista izango duen jai giroan.