Barixakura arte jasoko dituzte Eibar 1346-2021 logotipo lehiaketarako lanak

Barixakura arte jasoko dituzte Eibar 1346-2021 logotipo lehiaketarako lanak
2021/01/11 21:16
eta kitto!
Aurten 675 urte beteko ditu gure herriak eta Eibarko Udalak, Ego Ibarra batzordearen bidez, herriaren 675. urteurrenaren logotipoa diseinatzeko lehiaketa antolatu du. Irabazten duen logotipo hori izango da urteurrenaren esparruan egiten diren ekintza guztietan gehien ikusiko den elementua eta egileak 1.346 euro jasoko ditu sari gisa. Lanak aurkezteko epea urtarrilaren 15era arte egongo da zabalik.

Alfontso XI.ak 1346ko otsailaren 5ean emandako hiri-kartaren bitartez sortu zen Eibar eta, beraz, 2021ean, pandemia egoeran bada ere, 675 urte beteko ditu herriak. Hori dela eta, lehiaketa antolatu dute, “hiriaren historian interesa duten pertsonen sormena sustatzeko, baita diseinu grafikoarekin eta komunikazioarekin zerikusia duen jende ororena ere”.

Lehiaketa honetan Eibarren bizi den edo eibartarra edo bertan jaioa izan eta beste bizileku bat duen adin nagusiko edonork parte hartu ahal izango du, bakarka edo taldeka. Logotipoak, nahitaez, honako legenda hau jaso behar du: Eibar 1346-2021. Bestalde, lehiaketan parte hartzeko, logotipoaz gain, beste dokumentu batzuk ere aurkeztu beharko dira, hala nola logotipoari buruzko memoria, irudi korporatiboaren oinarrizko eskuliburua eta logotipoa papertegietan, prentsa idatzian, argitalpenetan eta abarretan aplikatzeko adibideak.

Izena emateko epea urtarrilaren 15era artekoa izango da eta logotipoaren eta bestelako dokumentuen aurkezpena bakarrik elektronikoki egingo da. Parte-hartzaileek gehienez bi lan original aurkeztu ahal izango dituzte. Eskaera elektronikoki egiteko, derrigorrez, ziurtagiri digital bat edo B@K-Q eduki behar dira (tramiteak online egiteko informazio gehiago HEMEN).



Hiru finalistak interneten ipiniko dituzte, bozkatzeko

Epaimahaiak hiru logotipo aukeratuko ditu finalerako, urtarrilaren 18an. Hortik aurrera, hiru logotipo finalisten erakusketa eta herri-galdeketa egingo da, eta herritarrek botoa eman dezakete urtarrilaren 18tik 31ra. Herritarrek hiru logotipoen artean bakarra bozkatu ahal izango dute. Horretarako, hiru logotipo finalistak Udalaren webgunean jarriko dira (www.eibar. eus), herritarrek botoa eman dezaten, webgunean bertan jarriko den formulario baten bidez. Herri-galdeketaren botoen kontaketa eta logotipo irabazlearen izena 2021eko otsailaren 4an emango da ezagutzera, 675. urteurren egunaren bezperan bertan.

Interesdunek argibideren bat edo galderaren bat egin nahi izanez gero, Eibarko Udaleko Ego Ibarra Batzordearekin harremanetan jarri ahal izango dira, 943708421/943708423 telefonoetara deituz edo, bestela, posta elektronikoz, egoibarra@eibar.eus helbidera idatzita.