[ Santa Ageda ] Baserrietan eta kalean arituko dira bihar santaeskean
Aurten Santa Ageda bezpera zapatuan egokitu dela aprobetxatuta, horren aitzakiarekin ekitaldi berezia prestatu dute Udal Musika Eskolako irakasleek. Iraide Ansorena zuzendariak azaldu digunez, “Arratera autobusez igoko gara 15:30ean, eskolako haurrekin, eta Musika Eskolako trikitilariekin batera kalejira egingo dugu, Urkizuraino. Bidean hainbat tokitan geratzen joango gara, koplak kantatzeko. Arraten bertan, hiru tokitan arituko gara kantuan: santutegian, tiro-pitxonen eta Kantabrian. Ondoren, Orbetik behera joango gara eta, baserrietako batean, merienda jateko geratu egingo gara, txokolate beroa eta sanblasa. Ondoren, kalejirarekin jarraituko dugu: Azitaingo industrialderaino jaitsi, Altzubarreneko frontoira gero, eta Barrenatik gora Karmen kaleraino. Han, Karmengo Amaren eliza parean kantatuko dugu eta Urkizun amaituko dugu, 19:00ak aldera”.
Ego Ibarra batzordeak jasota duenez, “antzina gazteak edo ‘kinttuak’ izaten ziren baserriz baserri eskean joaten zirenak, afariren bat egiteko dirua batzen. Makilak lurrean kolpatuz, koplen erritmoa gordeta aritzen ziren kantuan, eta letrek, normalean, herriko kontuak edo halako etxeko zeraren borondatea edo beste haren zekentasuna izaten zuten hizpide”.
Eta Juan San Martinen arabera, “Eibarren bertan ere ohitura zaharrekoak ditugu Santa Ageda kantak, herrian taldeak kalez-kale ezagutu ditugu Santa Ageda bezpera gauean, otsailaren 4an. Baserritarren artean lehenagotik ezagutzen da. Eta Eibarren, Aginaga auzoko San Roman ermita dugu ohitura horren agiririk zaharrenak ematen dizkiguna. San Romanen XVI. mendeko Santa Ageda irudi eder bat gordetzen da eta, bailaratik aparte, Eibar, Barinaga eta Markina-Etxebarriako baserritarrek debozio handia diote. Gainera, haurdun dauden emakumeak otoitz egitera joaten zaizkio eta kandelak piztutzera”.
Tradizioak dioenez, “Santa Ageda Siziliako familia ospetsu batean jaiotako gaztea izan zen, hain polita Erromako senatore batek berataz gozatu nahi izan zuela. Berak, kristaua izanda, ez zuen onartu eta azken honek, mendekuz, torturatzeko eta bularrak mozteko agindu zuen. Irudipen batean San Pedro ikusi zuen, eta honek zauriak sendatu zizkion”.
Santu horri laguntza eskatzen zaio sutetik, tximistetatik eta sumendietatik etor daitezkeen kalteen aurrean. Berarengana jotzen da bularretako gaitzen, erditze zailen eta edoskitze arazoen kasuetan ere. Erizainen zaindaria ere bada.
Kalejiran parte hartzeko gonbidapena
Santa Ageda bezperako bigarren kalejira Untzagatik, udaletxe paretik, abiatuko da, 19:30ean, eta horretan parte hartzeko gonbidapen zabala egin nahi izan dute. Musika Eskolako zuzendariaren berbetan, “pandemiak min handia egin die kantuan aritzen ziren talde askori, baita horrelako kalejirei ere. Horregatik egin dugu deialdi zabala, guk egin behar dugun kalejirara batu daitezen. Azken batean, gu Udalaren eskola izanik, jendea errazago animatuko zela pentsatu genuen. Eta, gure gonbidapenari erantzunez, Kaleetan Kantuz taldeko 20 bat lagun batu zaizkigu. Beraz, beraiekin batera, Musika Eskolako ikasle heldu batzuk, irakasleak eta Sostoa abesbatza ibiliko gara kantuan, Marisol Arrillaga soinu irakaslearen eta bere ikasleen musikarekin lagunduta. Herriko kaleetan zehar ibiliko gara kantatzen, Urkizun 21:00ak aldera amaitzeko”. Asmoa kalejira bakar eta jendetsua osatzea da.
Ohiturak agintzen duen bezala, Santa Agedari eskainitako koplak abestuko dituzte, hiru bertsiotan: santuaren bizitzari buruzko kopla ezagunak, santaeske gehienetan kantatzen direnak; bertsolarien batek boteprontoan botatzen dituen koplei erantzuteko erabili ohi den kopla; eta horren ezaguna ez den hirugarren bertsio bat, Sostoa abesbatzak bere Santa Ageda kalejiretan abesten duena. Hiru horiek urteko sasoi honekin lotura handia duen laugarren kantu batekin, “Elurra mara-mara” izenburuko abestiarekin, tartekatzen joango dira.