Berbalaguna: euskararen munduko heroi berria
Bardin detsa zeiñ helbururekin zatozen: izan zeinke berba egitteko lotsa galtziarena, kaleko euskeria zureganatzia gura dozula, hitz egitterakuan mailla hobetzia billatzen dozula, titulua eskuratzia nahiko zenduala, herriko euskal mundura hurbiltzia nahi dozula, bestieri be praktikatzeko aukeria eskindu gura dozula, normalizaziñuan eragille aktibua izatia gustoko dozula, euskera maillari eustia nahiko zenduala, euskeraz bizitzeko aukerak ugaritzeko nahixa dozula, herriko euskal girua ezagutarazteko griña dozula... Baiña jakizula Berbetan programiak aukera eziñ ederragua eskintzen detsula euskeraz bizitzeko, disfrutatzeko, ikasteko, bestiekin konpartitzeko... Badagoz be Berbetanen barruko beste azpiprogramak, Gurasoak Berbetan kasurako, seme-alabekin izan biharreko transmiziñuan ikaragarri laguntzen dabenak. Eta baitta dendarixendako prestautakua be, bezeruarekin mingaiña euskeraz dantzan jartzeko aukeria eskintzen dabena.
Superberbalagunak: Elkartu gurekin
Izen horrekin kaleratu dabe aurtengo programaren liburuxka Euskal Herri guztian, batez be “programetan izena emon eta inplikatzen diranak heroi moduan ikusten dittugulako, eskuzabalak”, diñoskue antolatzailliak, berbalagunak buruan. Gure herrixan ...eta kitto! da ekimen honetako bultzatzaillia, Udal Euskaltegixak eta AEK-k laguntzen daben bittartian, Gipuzkuako Foru Aldundiaren babesarekin.
Berbetan programak hamar urte baiño gehixago daroia Eibarren: “12.. ediziñua izango da aurtengo ikasturtekua. Demandia zeguan herrixan, sasoi hartako euskaldun barrixen aldetik batez be, euskeraz ikasten hasi eta gero, praktikara erauatian zailtasunekin topo egitten zebelako, inguruniak ez zetsen-eta laguntzen”, esaten deskue Eibarren programiaz arduratzen diran ...eta kitto-kuak. “Gaur egun euskaldun-barri terminua baztertzen juan da, euskera ikasliaren alde”, diñoskue.
Programaren helburua ez da ikastia (horretarako, euskaltegixak aproposaguak dira), “ikasittakua praktikara eramateko aukera naturala, informala eta lasaixa izatia baiño”, diñue programako arduradunak. “Ohitturak eta txip-a aldatuta, solturia hartzia” da printzipalena. Akademikotasunetik kanpo sortutako ekimena da berbalagunena, “harreman saria be zabaltzeko aukeria emoten dabena”. Lehelengo berbia euskeraz egittekua!
Gitxi eskatu eta asko emon
Hori da proiektu honetako errealidadia: “Gitxi da eskatzen dana, baiña bakotxak eskintzen dabena haundixa da”. Talde txikixak osatzen dira, “zitak oillategixa ez bihurtzeko”. Jendia astian behin batzen da, ordubete edo ordu eta erdi, “taberna batian gehixenetan, baiña euren nahixari jarraittuta”. Taldiak, gaiñera, berbalagunak libre daken ordutegixaren arabera antolatzen dira.
Eibarren azken ikasturtian zazpi talde osatu ziran, 45 bat lagunekin. “Badira be oso fidela diranak eta urte dexente daramatenak euren burua eskintzen”. Halanda be, antolatzailliak dei berezixa egitten detse euskalduneri, “parte-hartzaillien artian gehixago diralako euskeria ikasten dihardutenak. Baiña sortzen dan harremana aberasgarrixa da bai batzuendako eta baitta bestiendako be”. Izena emoten dabenak hasieran laguntza jasotzen badabe be, “taldiak autonomuak izaten dira gero, euren artian antolatzeko aukeriarekin”. Hortik aparte, Mintzaeguna, urteerak, txanguak, ikasturte-amaierako afari-meriendixa eta “ikasturte osuan jokatzen daben tribial txapelketia” izaten dabe pizgarri. Eta, sasoi honetan garrantzitsuena dana, “gaiñera duakua da”. Zer egin bihar dan? ...eta kitto!-tik pasatu! Euskeraz egitteko gogua badakazu, ez detsu denbora askorik kenduko!
Gurasuen garrantzixa
Berbetan-en barruan, Gurasoak Berbetan egitarauak hirugarren ikasturtia hasiko dau oinguan, “gurasuak arlo horretan, beste askotan moduan, eredu diralako seme-alabendako, euskeriaren aldeko jarrera positibua lantzeko orduan”. Famelixaren bidez jasotzen da ikasteko erarik naturalena, aberatsena eta eraginkorrena. ...eta kitto!-kuak ikastetxietara jo zeben, alkarlanian guraso euskaldunekin eta euskaldun berrixekin bide hori egitteko. “Talde naturalak be aprobetxatu dittugu, parkian osatutakuak esaterako, eta baitta mistuak be -zentro desbardiñetan ikasten daben haurren gurasuekin-”. Iaz 3-4 talde osatu zittuen, hogei bat parte-hartzaillerekin. Hor be izan ziran ekintza osagarrixak: “Eskulan taillarrak, kantu eta jolasak, eskursiñuak... beti be, guraso eta umiekin”. Iaz beste bide bat zabaldu zeben, dendarixen artian, Dendarixen Elkartiarekin alkarlanian. Taldetxua osatu zeben, baiña aurten bide hori serixuago jorratzeko asmua dake: “Horrek be kalidade plus-a eskinduko leuke, bezeruari aukeria emonaz eurekin euskeraz egitteko”.
Parte-hartzaillien testimonixua
Martitzenian egindako presentaziñuan, esperientzia horretan jardundakuen testimonixua jasotzeko aukeria izan genduan. Holan, Edurne Zenarruzabeitia Ikastolako andereñuak irakaslien inplikaziñua nabarmendu zeban, “gurasueri horren barri zelan emoten detsazun errezago animauko dittuelako. Parte hartzera animau diranak oso gustora ibilli dira". Belen Aranbarri San Andres eskolakuak diñuanez, "euskeria praktikatzeko aukera bikaiña da. Euskerarekiko jarrera positibua dakela ikusitta, umiak euren artian berba egitten dabenian gurasuan inguruan harro egitten dabe". Arrate Valenciaga dendarixen ordezkarixaren esanetan, "ez da ezer kostatzen, oso erreza eta politta da, neri motza egin jatan oporrak segiduan etorri ziralako".
Hasieratik programan dagozen Purik eta Marisak oso ondo pasatzen dabela diñue: “Harremanak egitteko be balixo dau". Marimar-ek diñuanez, "txikitan egitten neban, gero alabekin, eta oin dakidana ez galtzeko asmoz erabagi neban parte hartzia".