“Berrerabili eta Berrasmatu” tailerretako partehartzaileen zerrendak argitaratu ditu Udalak
Eibarko Ingurumen Sailak martxan jarritako laugarren edizioa da. Programaren helburua da jarraibide batzuk ematea eguneroko objektu eta materialen bizitza baliagarria luzatzen ikasteko, haien berrerabilpena eta birziklapena sustatzeko eta balio erantsia emateko. 13 tailer eskainiko dira Eibarko denda eta erakundeen laguntzarekin.
Aurreko hiru edizioen arrakasta eta harrera ona ikusita, Udalak oraingoan urte honen amaieran antolatzea erabaki du. Antolatzaileek azaldu duten moduan, “gaur egun birziklatzea eta berrerabiltzea ezinbestekoak dira hondakinen sorrera eta material berrien fabrikaziotik eratorritako efektu kutsatzailea murrizteko”. Eta, horregatik, “Eibarko Udalak lanean jarraitu nahi du politika jasangarriagoak garatuz eta gizarte osoa borroka horretan inplikatuz”, diote. Tailer horiei esker, etxean ditugun objektuak eta materialak modu atsegin eta ludikoan aprobetxatzeko ideiak jaso daitezke.