Bertso-paperak jasotzeko epeak zabalik dirau
Azaroaren 10era arte duzue San Andres bertso-paper lehiaketara lanak aurkezteko epea. XX. edizioak ere maila bi izango ditu: 16 urtera artekoek (Eibarko ikasleak) bertso bat edo bi kopla aurkeztu beharko dituzte, eta 16 urtetik gorakoek, berriz (Euskal Herri mailan) lau puntu edo gehiagoko sei bertso gutxienez eta hamar gehienez. Gaia librea izango da eta bertsoak jatorrizkoak. Doinua librea eta idatziz adieraziko da. Lanaren hiru kopia (gaitzizenarekin sinatuta; beste orri batean, eta gutunazal itxian, gaitzizena identifikatzeko datuak: izen-abizenak, telefonoa eta adina) postaz bidaliko dira (edo eskura eraman) …eta kitto! Euskara Elkartera (Urkizu 11, solairuartea). Gazteen mailan, irabazleak, txapela eta liburua eramango ditu eta bigarrenak, plaka eta liburua. Nagusien mailan, berriz, irabazleak 300 euro eta txapela, eta bigarrenak, 250 euro eta plaka. Irabazleek, azaroaren 23an, domekan, Portaleko areto nagusian egingo den bertso-jaialdian jasoko dituzte sariak.