Bertsoak badu indarra, baina nork hartuko du lekukoa?

Eibarren bertso-saioek gero eta entzule gehiago erakartzen dituzte, baina haur eta gazteak bertso-eskolara hurbiltzea da erronka nagusietako bat. Hankamotxak Bertso Eskolak eta …eta kitto! Euskara Elkarteak bertsolaritza herriko kultur bizitzan eta euskararen erabileran sustatzeko lanean dihardute.
Bertsoak badu indarra, baina nork hartuko du lekukoa?
2026/10/30 16:00
Irati Alvarez Malaxetxebarria

«Neurriz eta errimaz / kantatzea hitza / horra hor zer kirol mota / den bertsolaritza». Xabier Amurizak bertso bidez emandako definizioak ondo jasotzen du bertsolaritzaren berezitasuna: hitzak neurrira ekartzea, errimak lotzea eta gai bati bat-batean erantzutea. Baina bertsolaritza oholtzan entzuten diren bertsoak baino gehiago ere bada. Bertso-eskolan elkartzea, herrian saioak antolatzea, euskaraz aritzeko guneak sortzea eta belaunaldi berriei bidea irekitzea ere bada. Eibarren, bertsolaritzaz gozatzeko hainbat hitzordu antolatzen dituzte urtero, eta azken urteotan saio molde berriak ere probatu dituzte herriko eragileek.

Bertsolaritzak gaur egun Eibarren duen tokiaz eta euskararen erabileran duen eraginaz hitz egiteko, Hankamotxak Bertso Eskolako Maier Fernandez eta Maialen Bergararekin eta …eta kitto! Euskara Elkarteko Maider Aranberrirekin elkartu gara.

Entzule gehiago, bertso-eskolan jende gutxiago

Saio molde berriei esker, bertsolaritzara bestelako ikuspegiak eta ahotsak hurbildu direla uste dute Hankamotxak Bertso Eskolako Maier Fernandezek eta Maialen Bergarak. Urriaren 31n, gainera, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa hartuko du Eibarrek. Hitzordu horrek bertsolaritza hizpidera ekarriko du, baina herriko egoerari begiratzeak beste galdera bat ere sortzen du: saioetara joaten den jendea bertsotan aritzera animatzen al da?

Hankamotxak Bertso Eskolako kideek azken urteotan bertsozaleen gorakada sumatu dute Eibarren. Haien ustez, hainbat faktorek eragin dezakete joera horretan: batetik, ohiko saioez bestelako proposamenak egin dituzte; bestetik, herritarrek eskaintza horri harrera ona egin diotela ikusi dute. Horrez gain, urtean zehar errepikatzeko moduko bi hitzordu sendotzen saiatu dira: ikasturte hasierako bertso-saio musikatua eta Gabonen inguruan antolatzen dutena. «Urtez urte harrera hobea izaten ari dira», azaldu dute.

Hala ere, entzule gehiago izateak ez du esan nahi bertsotan aritzeko zaletasuna ere handitu denik. Horixe da Hankamotxak-eko kideen kezka nagusietako bat. «Indargune nagusia Eibarko bertsozaleen gorakada bera dela esango genuke, baina ahulgune garrantzitsu bat daukagu: ez da gazte eibartarrik animatzen bertsotan aritzera, eta hor ezin asmatu gabiltza», aitortu dute.

Hankamotxak-ek antolaturiko saioa.

Fernandezek eta Bergarak, beraz, bi errealitate bereizten dituzte: batetik, bertso-saioetara hurbiltzen diren entzuleak; bestetik, bertso-eskolan parte hartzeko pausoa ematen dutenak. Haien ustez, txapelketek eta bestelako saioek bertsolaritzarekiko interesa pizten laguntzen dute, baina bertsolaritza egunerokoan bizirik mantentzeko ezinbestekoa da bertsotan aritzeko eta elkartzeko guneak izatea.

Horregatik, txapelketek ez ezik, bertso-eskolek eta saio informalagoek ere garrantzi handia dute. Hankamotxak-eko kideek azaldu dutenez, gaztetxeetan, kultur guneetan, antzokietan, tabernetan eta plazetan antolatzen diren saioek bertsolaritzaren eguneroko jardunari eusten laguntzen dute.

Saio guztiak ez dira berdinak, gainera. Fernandezek eta Bergarak azaldu dutenez, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak egiteko modu eta arau jakin batzuk ditu; beste saio molde batzuek, berriz, jolasteko eta ariketa desberdinak probatzeko aukera gehiago ematen dute. Horren adibide da iaz Errebalen egin zuten bertso-saio elektronikoa. Halako proposamenen bidez, bertsoa beste modu batera ezagutzeko aukera izan dute herritarrek, baita ohiko bertso-saioetara joateko ohiturarik ez dutenek ere.

Bertso-eskolaren ateak zabalik

Hankamotxak Bertso Eskolaren lana ez da saioak antolatzearekin amaitzen. Fernandezek eta Bergarak azaldu dutenez, eskolaren helburua herriko haur, gazte eta helduak bertsoaren inguruan biltzea, bertsotan aritzea eta horrekin gozatzea da. Gaur egun, bost bat lagun ari dira eskolan aktiboki, baina azken urteotan denbora gehiago eman dute herrian bertsolaritzaren inguruko ekimenak pentsatzen eta antolatzen, elkartu eta bertsotan egiten baino. «Atzeko lana egiten ari gara gehiago, plazetan agertzen baino, eta hori aldatzea gustatuko litzaiguke», adierazi dute.

Arrateko bertso afaria aurten.
Bertso-eskolaren ohiko jarduna indartzeko, haur eta gazteengana iristea dute erronka nagusietako bat. Bertsozale Elkartearen eskutik, Eibarko ikastetxeetan bertsolaritza lantzen dute ikasleek, eta Hankamotxak-eko kideen esanetan, esperientzia horren inguruan jasotzen dituzten iritziak oso onak dira. Hala ere, ikasle horiek ez dira gero bertso-eskolara hurbiltzen, nahiz eta behin baino gehiagotan egin dituzten deialdiak eta saiakerak.

Horren atzean, bertso-eskolaren inguruko irudi jakin bat egon daitekeela uste dute. Bertsotan aritzea bertsolari ona izatearekin edo jendaurrean kantatzeko gaitasuna izatearekin lotzen bada, jende askok atzera egin dezake lehen urratsa emateko garaian. Fernandezek eta Bergarak, ordea, argi utzi nahi dute ez dela beharrezkoa plazan kantatzeko asmoa izatea: bertso-eskolan jolastu, ikasi, ideiak partekatu eta ondo pasatzeko aukera ere badago.

Horregatik, bertsoa probatu nahi duen edonor gonbidatu dute eskolara gerturatzera, aurretik esperientziarik edo ezagutzarik izan gabe ere. Badakite, hala ere, ez dela erraza egunerokoan beste jarduera bat txertatzea, eta gaur egungo aisialdi ohiturek ez dietela beti laguntzen. Horren aurrean, bertso-eskolaren berri ematen jarraitzeaz gain, bertsoa beste gune batzuetara eramatea ere interesgarritzat jotzen dute, herritar gehiagok bertsolaritzara hurbiltzeko aukera izan dezaten.

Entzule berriak erakartzeko, oholtzan entzuten diren ahotsak eta gaiak ere garrantzitsuak dira. Hankamotxak-eko kideen iritziz, azken urteotan bestelako profilak agertu dira saioetan, bai antolatzen diren proposamenengatik, bai emakume bertsolariek eta gai-jartzaileek gero eta leku handiagoa dutelako. Haien esanetan, lehen oholtzan hainbesteko lekurik ez zuten gaiak eta ikuspegiak ere entzuten dira orain, eta hori positiboa da. «Bide berriak arakatzea eta bestelako ahotsak oholtzan egotea guztiz beharrezkoa eta interesgarria da guretzat», azaldu dute.

Eibartarren erantzunarekin ere pozik daude. Antolatzen dituzten saioetan jendea biltzen dela eta une politak sortzen direla nabarmendu dute. Orain, bertsozaleen arteko mugimendu horri eusteaz gain, bertso-eskolara ere jende berria erakartzea dute helburu.

Euskaraz elkartzeko aukera

Bertsolaritzaren inguruan jendea biltzea eta euskaraz aritzeko guneak sortzea da …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatzen dituen ekimenen helburuetako bat ere. Maider Aranberrik azaldu duenez, bertsolaritzak leku garrantzitsua du elkartearen jardunean, euskaraz bizitzeko aukerak eskaintzen dituelako eta herriko kultur bizitza elikatzen duelako. Gainera, bertsolaritza euskararen eta euskal kulturaren adierazpide berezia izateaz gain, gaur egungo gizarteaz eta herriaz hitz egiteko bidea ere badela nabarmendu du.

Helburu horrekin, elkarteak hiru hitzordu antolatzen ditu urtero: Arrateko Bertso Afaria, San Andres Bertso Paper Lehiaketa eta San Andres Bertso Jaialdia. Aranberrik azaldu duenez, ekimen bakoitzak bere izaera du, baina guztiek dute xede bera: bertsolaritza Eibarren bizirik mantentzea eta herritarrengana hurbiltzea.

Arrateko Bertso Afaria irailaren 7an egiten dute, Arrate bezperan, Tiro Pitxoi jatetxean, puntako bertsolariak gonbidatuta. San Andres jaien bueltan, berriz, Bertso Paper Lehiaketa antolatzen dute. Lehiaketak bi maila ditu: 16 urtetik beherako Eibarko ikasleena eta 16 urtetik gorakoena, Euskal Herri mailan. Sariak San Andres egunaren aurreko barixakuan banatzen dituzte, Coliseo antzokian egiten den bertso-jaialdiaren aurretik.

Arrateko bertso afaria, iaz.

Hiru hitzorduek bertsolaritzaren alderdi desberdinak lantzen dituzte. Afariak eta jaialdiak bat-bateko bertsoez gozatzeko aukera ematen dute; lehiaketak, berriz, idatzizko bertsolaritza eta sormena sustatzen ditu. Aranberriren esanetan, bertsolaritza ez da bat-bateko jardunera mugatzen, eta idatzizko lana bultzatzea ere garrantzitsua da.

Saio guztiek ez dute, gainera, harrera bera izaten. Aranberrik azaldu duenez, Arrateko Bertso Afariak urtez urte izan du bere oihartzuna; San Andres jaietako jaialdian, berriz, azken urteotan gazteak eta inguruko herrietako jendea erakartzea lortu dute. Erantzun hori positibotzat jo du, eta bide horretan jarraitzeko gogoa ematen diela adierazi du.

Hitzordu horien garrantzia ez da saioa bera entzutean amaitzen. Aranberrik nabarmendu duenez, bertso-saioek euskarazko kultur ekitaldi baten inguruan biltzeko aukera ematen diete herritarrei, eta askotan euskarazko harremanak ere sortzen dira ekitaldien aurretik eta ondoren. Horrez gain, bertsolaritzak hizkuntzarekin jolasteko, umorea egiteko eta gaurkotasunaz hitz egiteko aukera eskaintzen du. Horregatik, elkartearen ustez, bertso-saioak antolatzea euskarazko kultur eskaintza zabaltzeko modua izateaz gain, hizkuntzaren erabilera sustatzeko bidea ere bada.

San Andresetako bertso jaialdia, iaz.
Elkarrekin, etorkizunari begira

Bertsolaritza herrian bizirik mantentzeko, Hankamotxak Bertso Eskolaren eta …eta kitto! Euskara Elkartearen jardunak elkar osatzen duela uste du Aranberrik. Haren esanetan, bertso-eskolak funtsezko egitekoa du Eibarko bertsolaritzan, eta bi eragileen arteko lankidetza garrantzitsua da etorkizunari begira. «Bakoitzak bere lana egiten du, baina helburua partekatua da: bertsolaritza herrian bizirik mantentzea, belaunaldi berriei transmititzea eta euskarazko kulturaren parte izaten jarraitzea», azaldu du.

Bi eragileek partekatzen dute bertsolaritza ohiko bertsozaleengandik harago eramateko nahia, baina erronkari ikuspegi desberdinetatik heltzen diote. Aranberrik adierazi duenez, jende berriarengana iristea eta belaunaldi berrien interesa piztea dira elkartearen lehentasunetako batzuk. Horretarako, saio moldeak eta proposamenak berritzen jarraitu nahi dute, bertsolaritzaren izaera galdu gabe, eta herritarrei bertsoaren inguruan biltzeko arrazoi berriak eskaini.

Hankamotxak-eko kideek, berriz, bertso-eskolaren ohiko jarduna indartzea eta haur zein gazte gehiago erakartzea dute helburu. Horretarako, ikastetxeekin, kultur eragileekin eta Bertsozale Elkartearekin elkarlanean jarraitzea garrantzitsutzat jotzen dute. Dena den, denbora eta jendea falta izaten zaizkie askotan, ekimenak antolatzeak lan handia eskatzen baitu. Hala ere, bertsozaleen artean sumatzen duten mugimenduak lanean jarraitzeko gogoa ematen diela azaldu dute.

Eibarren bertso-saioek entzuleak erakartzen dituzte, eta azken urteotako proposamenek erakutsi dute bertsoa beste modu batzuetan ezagutzeko interesa ere badagoela. Erronka da, orain, lehen hurbilketa hori urrats bat harago eramatea: entzuleak bertsotan probatzera animatzea, bertso-eskolaren ateak zabaltzea eta belaunaldi berriei bertan beren lekua aurkitzen laguntzea. Izan ere, bertsolaritza herrian bizirik mantentzeko, oholtza gainean kantatzen dutenak ez ezik, bertsoaren inguruan elkartzeko eta euskaraz aritzeko aukerak sortzen dituztenak ere behar dira.