"Bidaia liluragarria", ipuinak eta kantuak uztartzen dituen ikuskizuna zapatuan Portalean
Eibarko Udal Liburutegiak antolatzen duen Zapatuko Ipuina ekimenaren baitan, "Bidaia liluragarria" Ikuskizuna eskainiko dute Perlik eta Koxkolok zapatuan, hilak 27, Portaleko areto nagusian. 4-7 urte bitarteko haurrei zuzendutako euskarazko ikuskizun alaia da, ipuinak eta kantuak uztartzen dituena.
Izen-ematea gaurtik aurrera egin daiteke, formulario honen bidez.
Perlik eta Koxkolok diotenez, "Gure ikuskizunak umeak ipuinen mundu liluragarrian murgiltzen ditu narrazioen eta kantuen bitartez. Horretarako haurren parte-hartzea, jolasak eta koreografiak erabiltzen ditugu. Saioa ahalik eta modu dibertigarri, erraz eta dinamikoenean igarotzea da gure helburua, horrela umeen arreta gal ez dadin. Ipuinak ulergarriago egiteko, ilustrazioak, gitarra, dantza eta mimika erabiliko ditugu."
Bidaia Liluragarria ikuskizunak zera erakutsi nahi du: bakoitzaren garapenerako bidaiak duen garrantzia. Toki ezberdinak ikusteko, lagun berriak egiteko, kultura eta musika berriak ezagutzeko, eta, finean, norberaren burua aberasteko. Bidaia liluragarri bat bai kanpora begira eta bai gure barrura begira. Horrez gain, gure gizartean aniztasunak duen balioa eta gizaki bakoitzaren berezitasunek dakarten aberastasuna ere landuko dira; baita izaki orok munduaren alde batetik bestera joateko duen askatasuna ere bai, eta ingurugiroa zaintzeko den-denok dugun erantzukizuna.