Azitain-Maltzaga bidegorriaren lanak lehenbailehen hasteko asmoa azaldu dute Diputaziotik
2019/07/18
16:06
eta kitto!
Miguel de los Toyos alkatea Rafaela Romero Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatuarekin bildu zen atzo eguerdian eta, Azitain-Maltzaga arteko bidegorria egiteko lanen atzerapenagatik eibartarren artean kezka handia dagoela adierazi zion, besteak beste. Horren aurrean, diputatuak Azitain-Maltzaga bidegorria egiteko lanak “berehala” hasiko dituztela berretsi zion alkateari. Azaldutakoaren arabera, atzerapenaren arrazoia “proiektuaren administrazio-tramiteen konplexutasuna” izan da, baina “arazo guztiak konponduta daudela” gaineratuta, “obrak berehala hasiko direla” esan zuen bileran. Hala ere, alkateak obraren planifikazioa eta egutegia lehenbailehen aurkez ditzala eskatu zion bilera amaitu baino lehen.