Bidelapurrak eta bertso saioa asteburu honetan Belekon
Asteburu honetarako ekitaldi bi antolatu dituzte Beleko tabernan: gaur (barixakua, hilak 3) 23.30etatik aurrera Bidelapurrak zuzenean entzuteko aukera izango da. Antolatzaileek azaldutakoari jarraituta, "bi bandolero hauek 2013ko irailean elkartu ziren Albertiako basoetan eta, hilabete batzuk itzaletan eman eta gero, instrumentuak kargatzeko irrikitan ailegatuko dira gurera". Biko formatuak eskaintzen dituen erraztasunak aprobetxatuta, Uberak eta Sorozabalek osatutako bikoteak kantak sortu eta fintzeari ekin zion eta, luzaroan abandonatuta izandako banjoa berreskuratuta, AEBtako doinu tradizionaletan oinarritutako abestiak eskaintzeko prest irtengo dira eszenatokira.
Eta bihar, 20.30etatik aurrera bertso saioa hartuko du Belekok, hiru bertsolari gazteren eskutik: Nerea Ibarzabal (Markina), Agin Laburu (Astigarraga) eta Jokin Bergara (Eibar) bertsolariek tabernan batutakoak asetzeko moduko saioa eskaintzen ahaleginduko dira, baietz lortu?