[BIDEOA] Eibarren, erosketak euskaraz

[BIDEOA] Eibarren, erosketak euskaraz
2021/12/23 08:08
eta kitto!
Orain dela pare bat aste ‘Eskatu eskaini euskaraz’ kanpainari buruz egin genizuen berba. Merkataritzan euskara sustatzeko asmoz egiten du bat egitasmoak, eta tokiko merkataritzan euskararen erabilera sustatzea eta merkatari nahiz bezero euskaldunak aktibatzea da bere helburua. Horrela, aurrekoan dendariekin berba egin bagenuen, gaur bezeroenagana jo dugu, erosterakoan dituzten hizkuntza ohiturak ezagutzeko.

 

Denbora gutxi geratzen da Maridomingi eta Olentzero opariak banatzen hasi daitezen, eta herriko dendetan nabari da ez dela ohiko jarduna. Hau atera, bestea prestatu, opariak bildu… Ekintza asko, baina lasai, herriko dendetan irribarre batez hartuko zaituztete. Gertukotasuna da, besteak beste, herriko merkataritzaren ikurretako eta indarguneetako bat, eta hori ezin da inon erosi; baduzu edo ez duzu.

Eta erosleek, zergatik egiten dituzte erosketak herrian? Zer baloratzen dute gehien? Hizkuntzari dagokionez, nola egiten dute? Euskara erabiltzen da herrian erosten denean? Kalera jo dugu hiru laguni galdera horrek egiteko eta, artikulu honetan euren erantzunak jasotzeaz gain, orri honetan ikusi dezakezuen QR kodearen bitartez beraien berbak jasotzen dituen bideora jo dezakezue.

Leire, Julian eta Gorkarekin egin dugu bat kalean eta hirurek herrian erosteko aldarriarekin bat egiten dute. “Ahal dudan guztia herrian erosten saiatzen naiz”, esan digu Leirek, eta berdintsu azaltzen da Julian. Are irmoagoa da Gorkaren erantzuna: “Jakina, eibartarra izanda Eibarren erosi behar duzu, bestela akabo”.

Herrian erosteak dituen onurei buruz honako erantzunak bota dizkigu hirukoteak. “Batetik, herritarron dirua herrian geratzen da. Eta bestetik, dendak dauden tokietan jendea oinez dabil eta horrek bizitasuna ematen dio herriari”, dio Leirek. “Herrian erosten badugu, diruak herrian zirkulatzen du. Agian diru-kopuru handiagoa gastatu dezakegu, baina moduren baten diru hori bueltatu egiten da (zergen bitartez, adibidez). Horrela, komunitate bat osatzen dugu”, Julianen iritziz.

Erosketak, gainera, euskaraz egiten ditu hirukoteak. “Euskaraz bizi naiz eta ahal ditudan jarduera guztiak euskaraz egiten saiatzen naiz. Denda batera sartzen banaiz, lehenengo hitza euskaraz egiten saiatzen naiz. Gero, dendariak euskaraz egiten dit edo ez, baina niretzat erosketa prozesu hori gustagarriagoa izateko modu bat da”, Leirek dioenez. “Euskalzalea naiz eta euskal komunitatearen parte sentitzen naiz euskara erabiltzen dudanean”, Julianen berbetan. “Dendetan euskaraz egiten badidate, erosketa egiteko bultzada ematen dit”, esan digu Gorkak.

Teoria eta asmoak ondo daude, baina zer egin genezake merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko? Leirek erantzun garbia dauka: “Erabili”. Gorkak dioen bezala, askotan, berba bakarra (“Egun on” esatea, adibidez) giltza izan daiteke euskararen erabilera sustatzeko. Julianentzat, ostera, konpromiso kontua da: “Euskararekiko konpromisoa hartu eta gehiago eskatu beharko genuke euskaraz”.

Eurek argi dute: Eibarren, erosketak euskaraz egingo dituzte.