Ekainaren 16an egingo da bigarren eskuko azokaren udako bigarren edizioa
Iazko arrakasta ikusita, Eibarko Udalak berriz ere bigarren eskuko udako azoka antolatu du, objektuek bigarren bizitza bat izan dezaketela eta beste pertsona batzuek berrerabil ditzaketela kontzientziatzeko. Jarduera Errebal Plazan egingo da, eta, besteak beste, haurrentzako tailer bat antolatu da, material birziklatuekin argidun etxetxo bat egiteko. Azokan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea; epea zabalik egongo da ekainaren 11ra arte.
Bestalde, kontuan hartuta irailetik aurrera antolatzen diren merkatuek zer harrera ona duten —esaterako, bizikleten bigarren eskuko azokak, eta baita Gabonetakoak ere—, Udalak aurten ere bi azoka horiek antolatzea aurreikusten du.
Jon Iraola alkatearen hitzetan, “urtero egiten diren bigarren eskuko hiru azoka hauen bidez, nahi duguna da eibartarrok “Ekonomia Zirkularra” izenekoaren beste kate-begi bat bihurtzea, eta aukera ematea behar edo nahi ez ditugun objektuak saltzeko eta, hala, erabilitako gauzei bigarren bizitza bat eskaintzeko”.
Udako azoka ekainaren 16an egingo da, eta erabilitako objektuak saltzeko interesa dutenek bi modutara egin ahal izango dute. Horrela, postu bat (mahai bat) erreserbatu ahal izango da bakoitzak nahi dituen objektu erabiliak saltzeko; edo, bestela, erabilitako objektuak gordailu-zerbitzuan utzi ahal izango dira (gehienez ere egoera onean dauden 10 gauza, pertsona bakoitzeko) eta antolakuntzako taldea arduratuko da objektu horiek zaintzeaz eta saltzeaz. Horretarako, saldu nahi diren gauzak igandean bertan (ekainak 16) ekarri beharko dira azokara, 9:00etatik 10:00etara bitartean.
Objektu horiek gordailu-zerbitzuan geratuko dira erregistratuta saltzaileak egokitzat jotzen duen prezioarekin, eta salgai jarriko dira. Kasu honetan, ez da onartuko arroparik, erabilitako osagarririk, eta ezta tamaina handiko objekturik ere.
Era berean, adierazi behar da, oraingo honetan, eta azoka uda partean egingo denez, lehentasuna emango zaiela urtaro horrekin eta oporrekin zerikusia duten objektuei eta, besteak beste, honako hauek salduko direla: kiroletako, bidaietako eta hondartzarako artikuluak eta liburuak, eta musika- edo zinema-artikuluak. Beraz, postuak adjudikatzean, lehentasuna emango zaiei baldintza hori betetzen dutenei. Azoka ixtean, 14:00etan, saltzaileak bertara itzuliko dira salmentaren dirua edo saldu ez diren artikuluak jasotzera.
Salmentako postu batean parte hartzeko, ezinbestekoa da aurretik erreserba egitea eta adinez nagusia izatea. Zita 943670249 telefonora deituz edo honako estekan dagoen formularioa betez hartuko da: www.merkabi.eus/eibar. Izena emateko epea ekainaren 11ra arte dago zabalik. Gordailuko salmentaren kasuan, ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, nahikoa da objektuak eramatea 9:00etatik 10:00etara bitartean.
Bestalde, haurrentzako tailer bat ere izango da, material birziklatuekin etxe argidun bat egiteko. Tailerra 3 eta 12 urte bitarteko umeentzat izango da, baina 5 urtetik beherakoek heldu batekin egon beharko dute.
Tailerra 11:30ean hasi eta 14:00ak aldera amaituko da. Plazak mugatuak izango direnez, bost txanda aukeratuko dira 11:30etik 13:30era bitartean, eta txanda bakoitzak 25 minutu inguruko iraupena izango du. Txanda Errebalen bertan erreserbatuko da azoka-egunean.
Bigarren eskuko azoka hauek antolatzeko, Udalak dirulaguntza bat du eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuari.
Aurreko edizioen emaitza onak
Iazko bigarren eskuko udako azokan 29 pertsonak jarri zuten postua, eta 18k laga zituzten gauzak gordailu-zerbitzuan, non antolaketa arduratu zen haien salmentaz. Salmentako postuetan 675 artikulu saldu ziren guztira, eta gordailu-salmentan 21.
Bizikleten bigarren eskuko azokari dagokionez, 73 pertsonak laga zituzten 115 bizikleta eta beste objektu batzuk (patinak, kaskoak, patineteak eta bizikletak eramateko barrak), eta artikuluen % 45 saldu ziren.
Gabonetako bigarren eskuko azokan, 32 pertsonak jarri zuten postua, eta 24k laga zituzten gauzak gordailu-zerbitzuan, non antolaketa arduratu zen salmentaz. Salmentako postuetan 385 artikulu saldu ziren guztira, eta gordailu-salmentan 28.