Bigarren eskuko bizikleta azoka egingo da bihar goizean Untzagan

Bigarren eskuko bizikleta azoka egingo da bihar goizean Untzagan
2023/09/15 13:18
eta kitto!
Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, Mugikortasunaren Europako Astearekin bat egingo du aurten ere, irailean zehar egingo diren hainbat jarduerekin. Bihar hasiko da Mugikortasunaren Astearen egitaraua, bizikleten eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako objektuen bigarren eskuko azokarekin. Untzaga plazan izango da, 10:00etatik 14:00etara. Azokan parte hartzeko eta bizikletak edota bestelako objektuak lagatzeko hitzordua eskatzeko, ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea www.merkabi.eus/eibar estekaren bidez, edo 943 67 02 49 telefonoaren bidez. Parte-hartzea doakoa da.

Azokarekin batera, bizikletak konpontzeko tailerra ere egongo da martxan, Eibarko Klub Deportiboaren eskutik, bizikleten oinarrizko konponketak egiteko. Eta arratsaldean, Klub Deportiboak bide-heziketarako zirkuitu bat eta ginkana antolatuko ditu haurrentzat (5-12 urte bitartekoentzat), Untzagan (euria egiten badu, Astelena pilotalekuan izango da). Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da bizikleta edota patinetea eramatea.