Bigarren Tradizio Sariarekin itzuli da Ustekabe Condom-etik
Frantzian, Condom-en asteburuan egin den Europako banda jaialdian bigarren saria eskuratu du Ustekabe fanfarreak, ikuskizun tradizionalari esker. Saria eman dien ikuskizuna prestatzeko dantza ikastaro azkarra egin dute musikari gazteek, Oier Araolazaren laguntzarekin: "Gure hasierako asmoa guk jo eta kanpoko dantzari batzuek dantza egitea zen, baina Oierri esker ikusi dugu guk geuk dantza xumeagoak egin genitzakeela, eta berak erakutsi dizkigu. Ez dakigu nola eskertu eman digun laguntza guztia", azaldu dute Ustekabekoek.
Musikari gazteen esanetan, jaialdian parte hartzeak lan handia suposatu du eta horrek ondorio positiboak izango ditu kalean jarduterakoan ere: "Jaialdiko banda xumeenetako bat izan gara. Umeen jaialditik kanpo, banda normalen artean, gazteena ezbairik gabe. Kide kopuru aldetik ere, 18 musikari eta hiru laguntzaile izan gara bertan, eta bazeuden 40 musikaritik gorako bandak, animatzaile askorekin. Guk, guztia, 21 lagunen artean egin dugu dena. Gainera, guretzat lehen aldia izan da horrelako jaialdi batean. Gauzak ondo egiten ahalegindu gara eta esperientzia hori baliatzea zen garrantzitsuena. Baina, gainera, besapean saria ekarri dugu Eibarrera. Ezin gara alaiago egon", azpimarratu dute.