Bihar 11:00etatik 13:00era Gipuzkoako egile-hanburgesaren I. Lehiaketa egingo da Errebal Plazan
2022/05/27
08:18
eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute Gipuzkoako egile-hanburgesaren I. Lehiaketa Errebal Plazan, Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza saileko zinegotziak, Ana Aramberri Gipuzkoako Merkatarien Federazioak Eibarren duen bulegoaren zuzendariak, Ainhoa Maiztegui Gipuzkoako Merkatarien Federazioaren MBT-Bulego teknikoaren ordezkariak eta Mikel Urrestarazu Gipuzkoako Harakiñak Elkartearen presidenteak. Lehenengoz egingo den lehiaketa bihar (zapatua) izango da, Errebal Plazan, 11:00etatik 13:00era, Hanburgesaren Egunarekin bat eginez. Bertan Gipuzkoako 28 harategi lehiatuko dira, tartean Eibarko Mugika, Otegui eta Oberena. Lehiakideek bertan prestatuko dituzte hanburgesak, “Gipuzkoako harategietan geroz eta gehiago saltzen den produktua”, eta 12:00etatik aurrera bertaratzen direnek doan probatzeko aukera izango dute, pintxoak banatzen ibiliko dira eta. Ondoren, epai-mahaiak lehiaketako bi kategorietako (tradizionala eta berritzailea) irabazleak aukeratuko ditu eta bakoitzean hiru sari banatuko dituzte. Adierazi dutenez, lehiaketa arrakastatsua izatea eta urtero egitea espero dute eta jende guztia bertatik pasatzera gonbidatu dute antolatzaileek.