Bihar hasiko da Astelena frontoiak aste honetan izango duen kartelera
Astelena frontoiko kartelera bizi dator aste honetan. Izan ere, bihar, urriak 23, 20:45ean, Paleta Gomako Gipuzkoako Binakako Txapelketako partidua jokatuko dute Amas eta Leturiagak Andoaingo Belaunzaran eta Loidiren kontra.
Etzi, urriak 24, barixakuetako ohiko jaialdia jasoko du Astelenak, 18:00etatik aurrera. Lehendabizi, Errendimenduko Gipuzkoako Eskuz Banakako Txapelketako bigarren jardunaldiko partiduak jokatuko dira eta Klub Deportiboko gazteek “ilusioz” jokatzen dutela esan digute.
Hasteko, infantiletan, Arrieta eibartarrak Azpeitiko Urbistondoren aurka jokatuko du, eta Saezek beste azpeitiar bat izango du aurrean, Larrañaga hain zuzen ere. Alebinetan, ostera, Segurolak Lete azkoitiarra izango du aurrez aurre.
Jarraian, Gipuzkoako Eskuz Binakako Txapelketako final laurdenak jokatuko dira Astelenan eta, bertan, Narvaiza eta Conde Urnietako Ecenarro eta Odriozolaren aurka lehiatuko dira. Orain arte, Eibarko seniorrek partidu guztiak irabazi dituzte eta final erdietarako garaipenaren bila aterako dira.
Donibane Garazikoen bisita
Joan den domekan, urriak 19, Donibane Garaziko pilota eskolako ordezkari gazteak etorri ziren Astelena frontoian programatuta zegoen jaialdian parte hartzera, Depor Egunaren egitarauaren barruan.
Deporrekoen berbetan, “Goizeko Izarra klubeko pilotariek erakustaldi bikaina eskain zuten katedralean eta hartu-eman aberatsa izan zen herriko pilotari alebin eta infantilentzat”. Jaialdiaren ondoren, gainera, anaitasun bazkaria egin zen Depor tabernan.