Txomin Artolaren 'Belar Hostoak' proiektuak emango dio hasiera aurtengo Blues Hotsak jaialdiari bihar iluntzean. Gainerako kontzertu eta ekitaldi sorta azaroaren 22tik 26ra bitartean egingo da eta tartean sona handiko musikariak etorriko dira Soraluzera: Depedro, Gisele Jackson... Horrez gain, liburu aurkezpena, film proiekzioa eta Musika Eskolako ikasleen emanaldiak ere izango dira.
Kontzertuetarako joan den astean jarri zituzten salgai Iratxo goxodendan eta etakitto.eus-ek kontzertuetarako bina sarrera bikoitz zozkatzen ditu HEMEN.
Aurkeztu dute Blues Hotsak jaialdiaren egitaraua eta aurten ere, azaroan zehar, musika beltzaren inguruko kontzertuz eta ekitaldiz beteko da Soraluze. Ubane Uzin Errabal Jazz elkarteko kidearen esanetan, aurtengo edizioan ere egitarau "erakargarri eta orekatua" osatzea lortu dute, "nazioarteko proiekzioa duten artisten emanaldiak eta hurbilagokoak uztartuz". Bereziki, nabarmendu du Depedro musikariaren presentzia: "Mirari txiki bat da nazioarteko maila duen musikaria gure herrira ekarri ahal izatea baina lortu dugu, horren ezagun egin aurretik berarekin izan genuen erlazioari esker".
Horrez gain, bihar edizioari hasiera emango dion Belar Hostoak emanaldia ere aipatu du: "Txomin Artola oso pertsona inportantea izan da euskal musikaren barruan eta emanaldi honek bere kantak berdeskubritzeko aukera eskaintzen du".
Ikutu anglosajoi eta amerikarra ez da faltako. Alde batetik, jaialdian errepikatuko duen Gisele Jackson afroamerikarrak bigarrenez parte hartuko du jaialdian eta bestetik Amy Winehouse-ri buruzko filma eta Amythology emanaldiek kantari estatubatuaren mitikoaren bizitza eta kantak gozatzeko aukera emango dute. Gainera, Jon Gurrutxaga musikari elgoibartarrak Rory Gallagher gitarrista irlandarraren gaineko liburua aurkeztuko du.
Bestalde, azken urteetan egin den bezala, Soraluzeko Musika Eskolako konboek ere euren tartea izango dute jaialdiaren barruan.
Nobedade gisa, aurten, antolatzaileek haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute ordainpeko kontzertuetan eta hala, kontzertuak iraun duen bitartean, umeek Ludotekan jolasteko aukera izango dute dute Kukumixoko hezitzaileen zaintzapean.
AZAROAK 10, BARIXAKUA
BELAR HOSTOAK
Txomin Artola & Walt Withman
Txomin Artola bakarlariak Walt Whitman-en Leaves Of Grass (Belar hostoak) poesia liburuko zenbait testu euskaratu, abesti bilakatu eta argitaratu zituen 1978an eta, orain, Whitman-en unibertso horretan murgildu dira berriz ere Dani Venegas, Andoni Etxebeste, Antxon Sarasua, Jon Gurrutxaga eta Urbil Artola musikariekin.
Boskoteak 78ko disko hartako kantuak berrikusi eta moldatu ditu, esentzia mantenduz baina, era berean, ikuspegi musikal berri bat emanez.
- Ordua: 20:00 (Herri Antzokian).
- Sarrera: 10€, txartelak Iratxo dendan salgai.
AZAROAK 22, EGUAZTENA
RORY GALLAGHER
Kemena eta Leialtasuna
Rory Gallagher gitarrista irlandarraren inguruko liburuaren aurkezpena egingo du Jon Gurrutxagak (Elgoibar, 1978).
Txikitatik «anaiaren binilo "sakratuak" ezkutuan lapurtuta» entzuten zuen eta bere lehen liburua idazteko aukera sortzean Londresera bidaiatu zuen duda barik, Gallagherren gertuko pertsonak elkarrizketatzeko asmotan. Donal Gallagher anai eta managerrak, Mark Feltham harmonika-jotzaileak, Tom O’Driscoll roadie-ak, eta Bill Wyman The Rolling Stones taldeko baxujoleak kontatutako bizipenetatik idatzi zuen «Rory-ri bihotzez egindako omenaldi» hau.
- Ordua: 19:30 (Herri Antzokian).
- Sarrera: Doan.
AZAROAK 23, EGUENA
AMY
La chica detrás del nombre
Amy Winehouse abeslari eta konpositore britaniarraren zirkulu intimoenaren parte-hartzearekin egindako dokumentala, familia artxiboekin eta aparteko musika emanaldiekin. Historiara pasako den emakumearen nortasuna eta talentua apur bat gehiago ulertzen lagunduko duen filma.
Amy zendu eta hamar urtera egina, Amy sortu eta 40 urtera proiektatuko da Antzokian.
- Ordua: 19:00 (Herri Antzokian).
- Sarrera: Doan.
AZAROAK 24, BARIXAKUA
DEPEDRO
Depedrok Soraluzen amaituko ditu "Máquina de Piedad" diskoaren (2021) eta "Antes de que Anochezca" zuzenekoaren (2022) birak, sei hilabeteko geldialdia egin aurretik. Hamabost urteko ibilbidearen eta zazpi diskoren errepasoa egingo du formatu intimoan eta akustikoan, gitarra eta ahotsa lagun, «isiltasuna emozioz betetzeko asmotan».
- Ordua: 20:00 (Herri Antzokian).
- Sarrera: 10€, txartelak Iratxo dendan salgai.
AZAROAK 25, ZAPATUA
GISELE JACKSON
& The Shu Shu's organ trio
Afroamerikar musikaren ahots garrantzitsuenetakoa da Gisele Jackson. Mundu osoan zehar abestu du (Asian, Amerikan, Europan, Afrikan), AEBko klub eta ekitaldi garrantzitsuenetan (Hollywood-eko zeremonietan, Bill Clinton-en inbestiduran), ikus-entzunezkoetan ('First Wives Club' filmean, Johnnie Walkerren mundu mailako kanpaina komertzialean) eta diva izendatu zuen Billboard aldizkariak. Blues Hotsak jaialdian Shu Shu's organ trioarekin arituko da, hamar urteko esperientzia duen jazz-funk-blues talde katalanarekin.
- Ordua: 19:00 (Herri Antzokian).
- Sarrera: 10€, txartelak Iratxo dendan salgai.
AZAROAK 26, DOMEKA
MUSIKA ESKOLAKO KONBOAK
Soraluzeko Musika Eskolak parte hartuko du aurten ere, hitzordu honetarako espresuki sortutako ikasle eta irakaslez osatutako taldeekin. Blues, soul eta musika beltzetik eratorritako bestelako doinuez girotuko dute domeka goiza.
- Ordua: 12:30 (Herri Antzokian).
- Sarrera: Doan.
AMYTHOLOGY
Amy Winehouse-i, maitasunez
Amythology tributu taldea 2015ean sortu zen, Madrilen, «musika beltzaren azken diba handia izan zen Amy Winehouse-en omenaldi gisa». Zortzi taldekide dira eta Britainia Handiko artistak zuzenean eskaintzen zituen instrumentazioa eta errepertorioa errespetatzen dituzte, «imitazio hutsa saihestuz, eta leialki eta zintzoki interpretatuz».
- Ordua: 19:00 (Herri Antzokian).
- Sarrera: 10€, txartelak Iratxo dendan salgai.