Bihar Urkora igoko dute Euskal Herriko Mendi Federazioaren mendeurrena ospatzeko
Eibarko Klub Deportiboaren mendi batzordeak biharko Eibarren bertan egin beharreko irteera antolatu du. Euskal Herriko Mendi Federazioaren mendeurrena dela-eta, ospakizun horren barruan kokatzen den “Ehun urte, ehun mendi” izendatu duten ekintzaren barruan, Euskal Herriko geografia osoan banatutako 100 klub baino gehiagok Araba, Bizkaia, Iparralde, Gipuzkoa eta Nafarroako 100 tontor koroatuko dituzte. Eta Deporrekoek Urkora igotzeko aprobetxatuko dute.
Parte hartu nahi duten guztiak goizeko 08:00etan abiatu daitezke Depor aurretik, T. Etxebarria kalean, edo handik 10 minutura Urkizuko iturrian. Ibilbideak 14 kilometro izango ditu, Urkizun hasi eta Amañan amaitzeko; desnibela 1.135 metrokoa izango da. GR-121 ibilbidea hartu eta, marka zurigorriak jarraituz, Santakurutz eta Usartzatik pasatuz, Ixuaraino joango dira errepidetik. Ondoren Aginagarantz joko dute, Urkorako ohiko bidetik aldenduz. Arandotik pasatuta, soketik jarraituko dute ezkerrera, gero eskumara eginez. Urkoan aragzkia atera ondoren, Elorretarako norabidea hartuko dute, Amañara jaisten hasi aurretik.